Buruntzaldea Euskaraz

'Beat-Eroak' euskarazko rap tailerrari lotutako lehen saioa gaur

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 23a

'Beat-Eroak' euskarazko rap tailerra antolatu dute Buruntzaldeko Euskara Zerbitzuek, eta bi saio egingo dituzte eskualdeko udalerri bakoitzean 12-16 urte arteko gazteekin, Odei Barrosoren eta Telmo Trenorren eskutik. Haietan lehenengoa, astelehen honetarako, otsailaren 23rako iragarria dute.

12 eta 16 urte bitarteko gazteek, aukera ederra izango dute Buruntzaldeko udalerrietan, hitzarekin eta musikarekin jolasteko eta trebatzeko, euskaraz. Izan ere, 'Beat-Eroak' rap tailerra antolatu dute eskualdeko udaletako Euskara Zerbitzuek, honako leloarekin: 'Hitza askatu, erritmoa markatu'.

Otsailean eta martxoan izango da tailerra, eta udalerri bakoitzean bina saio egingo dituzte. Usurbili dagokionean, lehenengoa gaurko dute programatua, otsailaren 23rako. Bertan, Odei Barroso rapero eta bertsolariarekin arituko dira gazteak, eta hitza landuko dute: oinarri musikala aukeratu, eta rap letrak lantzen lagunduko die Ødei artistak.

Kanta sortu eta grabatuko dute bigarren saioan
Tailerraren bigarren saioan, Ødei ez ezik, Telmo Trenor DJ eta ekoizlea ere izango da gazteekin, eta guztien artean emango diote forma egindako lanari: aukeratutako base musikalarekin eta osatutako letrekin, kanta sortu eta grabatuko dute. Martxoan izango da bigarren saio hori. Horrela, herri bakoitzean abesti bat osatuko dute, eta herrien arteko lehiaketa ere izango da: abesti guztiak entzungai jarriko dituzte euskara.buruntzaldea.eus webgunean, eta bozketa zabalduko dute, herritarrek gustukoen dutena aukeratzeko. Sari potoloa izango du irabazleak: bideoklipa grabatzea. Gainera, rap festa ere aurreikusi dute, egindako lanak erakutsi eta gazteen artean harremanak sustatzeko.

Herri bakoitzean, gehienez ere 30 gaztek hartu ahal izango dute parte.

Egitasmoa 2020 urtean jarri zuten martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Sailaren eta Iametzaren eskutik; eta bi proiektu pilotu egin zituzten: Legazpiko eta Urretxu-Zumarragako gaztelekuetan. Buruntzaldeko herrietako gazteen txanda da orain.

LEHENENGO SAIOA

Odei Barrosorekin, base musikala aukeratu eta rap letrak landuko dituzue.

GORDE ZURE EGUNA!

ANDOAIN Otsailak 19, osteguna

ASTIGARRAGA Otsailak 10, asteartea

HERNANI Otsailak 24, asteartea

LASARTE-ORIA Eguna zehazteke

URNIETA Otsailak 9, astelehena

USURBIL Otsailak 23, astelehena

 

BIGARREN SAIOA

Odei Barrosorekin eta Telmo Trenorrekin, kanta sortu eta bideoklipa egingo duzue.

GORDE ZURE EGUNA!

ANDOAIN Martxoak 26, osteguna

ASTIGARRAGA Martxoak 5, osteguna

HERNANI Martxoak 12, osteguna

LASARTE-ORIA Eguna zehazteke

URNIETA Martxoak 2, astelehena

USURBIL Martxoak 9, astelehena