Zer ikusiko dugu "Kolapsoa" antzezlanean?
Gauzak saltzeaz bizi den marketin enpresa bat ikusiko da. Produktu bat ematen diete saltzeko, eta horren iragarki bat sortu behar dute saltzeko. Estrategia batzuk erabiltzen dituzte saltzeko, baina antzerkiaren egunean zuzendariak estrategiaz aldatu behar duela konturatzen da, eta tarteka, estrategiak aldatzen joango dira. Hala ere, konturatuko dira estrategia horiek ez dutela funtzionatzen, eta kolapso horretan sartuko dira ez dakitelako zein den bidea euren lana egiteko.
Zer da drama ala komedia?
Komedia kritiko bat da. Azken finean, gure ekonomiaren hazkundearen metafora bat da. Denbora guztian edozerri errendimendu ekonomikoa ateratzen pentsatzen gaude, eta zein estrategia maltzur erabiltzen diren sisteman hori aurrera ateratzeko ikusten da antzerkian.
'Geuretik Sortuak' ekimenaren baitan sortu zen antzezlana. Nola izan zen proiektuan Usurbilen parte hartzea?
Nik aurreko batean esperientzia hau bizi nuen Aulestin, eta banekien zer zen. Baina, desberdina izan zen. Usurbilen, adibidez, areto bat dago, eta gainera, ekonomia eta haren ingurukoa lantzen aritu gara eta kontrakoan pentsatzen duzu. Konturatu gara Usurbilen desazkundearen sistema asko badaudela, atez atekoa, besteak beste.
Nola funtzionatzen du egitasmoak?
Proiektua aurkezten duzu, eta beraiek esleitzen dizute herria. Guri Usurbil egokitu ziguten, eta 21 egunez ibili ginen Usurbildik. Gero, herrian zerbait antolatu behar duzu proiektuarekin zerikusia duena, eta horregatik antolatu dugu otsailaren 19ko "Desazkundea: Programatua ala Kolapsoa?" hitzaldia. Desazkundearen gaia antzerkian jorratzeaz gain, herriarekin landu nahi genuen dinamika batean.
Proiektua aurkezterakoan, testua bazenuten?
Ez. Guk ideia aurkeztu genuen, eta aktoreak eta pertsonaiak nola izan zitezkeen imajinatzen genituen, baina guk ere ez genekien zer egingo genuen. Horretarako egon ginen 21 egunez Usurbilen. Hala ere, 21 egunetan antzerki bat sortzea oso zaila da, ez da erreala, baina antzezlana garatzen joaten zara. Baina ondo. Herrian gizarteratzen zara, herriko etxe batean egin dugu lo eta harremana egiten dute artistek herriarekin.
Nolako harrera izan duzue Usurbilen?
Gu azken finean lanean gaude, aretora sartzen gara eta hor igarotzen ditugu ordu gehienak. Baina bestela oso gustura egon gara: oso herri lasaia da, oso ondo hartu gaituzte, galdetzen ziguten ea nongoak ginen... Nolabait lortzen da harreman gizatiar bat izatea gure eta herritarren artean. Azken finean, ez da saio bat eskaini eta alde egitea.
"Kolapsoa" antzezlana
Eguna: martxoak 1, igandea.
Ordua: 18:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sarrerak: 3,5 euro usurbilkultura.eus plataforman.
Zehaztasunak: Kolapsoa, Geuretik Sortuak ekimenaren baitan, Usurbilen sortutako antzerkia da. Martxoaren 1ean estreinatuko da Sutegin, eta, aurrez, otsailaren 19ko hitzaldian, antzezlanaren edukiaren inguruko azalpenak emango dira. "Publizitate agentzia honetako hiru kideak edozer saltzeko kapaz dira. Den-dena, baita behar ez duzuna ere. Batik bat, behar ez duzuna. Despistatu, eta bi buruko koilara bat salduko dizute azkarrago bazkalduko duzula esanda. Edo ohe birakari bat, gauero estresa zentrifugatuko dizuna. Edozer. Txakurrentzako katiuskak eta arbolentzako aterkiak. Jendea Arabar Errioxan ardo urdina eskatzera iritsi zen hauen kanpaina baten ondotik. Azken orduko gertaera batek, ordea, hankaz gora jarriko du agentzia. Gauza bakar bat saltzea lortu behar dute: gehiago ez erosteko gogoa".
Ekoizpena: Jon Ander Urresti.
Zuzendaritza: Matxalen de Pedro.
Interpreteak: Maite Mugerza, Txubio Fernandez de Jauregi, Jon Ander Urresti.
Testuak: Nerea Ibarzabal.
Argiztapena: Mikel Perez.
Soinuztapena: Asier Renteria.
Jantziteria eta atrezoa: Paloma Merino.
Argazkiak: Iker Gozategi.
Irudi eta maketazioa: Arriguri.
Teknika: Vanesa Santos.
Antolatzaileak: Udalbiltza (Geuretik Sortuak) eta Usurbilgo Udala.