Geuretik Sortuak

Ixabel Agirresaroberen idazlana barne hartzen duen “Hamaika irakurtzeko jaioak” bilduma kalean

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 25a

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren baitan Ixabel Agirresarobek ondutako idazlana kaleratu dute gainerako sortzaileen lanekin batera, “Hamaika irakurtzeko jaioak” izeneko bildumaren baitan hain zuzen.

Euskarazko sorkuntza sustatzeko Usurbilgo udalerria kide duen Udabiltza partzuergoak hirugarrenez antolaturiko Geuretik Sortuak egitasmoaren baitan, hamaika proiektu ondu dira; tartean, ipuinak. Idatzizko lanok “Hamaika irakurtzeko jaioak” izeneko bilduman jaso eta argitaratu dituzte. Bertan, hamabi ipuin daude; tartean, Ixabel Agirresarobe Arzallusek sortutakoa. Usurbilgoak Asparrenan eta Ziordian egin zuen iaz egonaldia.

Deialdi honetan parte hartu duten gainerako idazleak honako hauek dira; Atxondon egonaldia egindako Miren Artetxe Sarasola; Gorlizen egondako Maitane Perez; Amasa-Villabonan egondako Maitane Nerekan Umaran; Nafarroako Goi Erriberan egondako Zigor Garro; Baigorrin izandako Naia Arantzamendi; Aulesti, Amoroto eta Munitibar herri multzoan egondako Oier Guillan; Ikaztegietan egondako Peru Calabaza Saban; Oiartzunen egondako Saioa Iribarren eta Ander Basaldua; Etxalar, Arantza, Bera eta Lesakan egonaldia egindako Goiz Eder Iturain eta Ortzaizen izandako Garazi Albizua.

"Geuretik Sortuak egitasmoak sormen egonaldiak antolatzen ditu Euskal Herriaren luze-zabalean. Bekaren oinarriei jarraiki, 2025. urtearen hastapenetan hautatuak izan ziren hamabi idazleek hiru asteko egonaldiak egin dituzte euren bizilekua ez den eremu batean. Herri horietako errealitate ezberdinak ezagutu eta, haiek lehendik zekartzaten ideiekin uztartuta, fikziozko ipuin bana ondu du idazle bakoitzak", antolatzaileen esanetan.

Bertan ondutakoa da irakurgai izango dugun bere ipuina. Esaterako, antzezlanekin egiten ari diren moduan, Euskal Herrian barrena hainbat aurkezpen saio egingo dituzte. Informazio gehiago udalbiltza.eus atarian jaso dezakezue.