#M8

"EH-ko Mugimendu Feministaren izenean ez!" adierazpenarekin bat egin du Usurbilgo Gazte Feministak taldeak

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 25a

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren izenean hilabeteotan sortutako koordinazioaren sorreraren nahiz hilaren 19an Euskal Herriko bederatzi eragile abolizionista eta transbaztertzaileek eginiko agerraldiaren aurrean, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren parte diren askotariko eragileek adierazpena kaleratu dute. Adierazpen horrekin bat egin du Usurbilgo Gazte Feministak taldeak.

Desadostasuna eta haserrea agertu nahi izan dute Euskal Herriko Mugimendu Feministaren baitan diren askotariko eragileek, batetik, duela hilabete batzuk sortutako "Coordinadora 8m. Euskal Herriko Mugimendu Feminista" koordinazioaren nahiz hilaren 19an Euskal Herriko 9 eragile abolizionista eta transbaztertzaileek eginiko agerraldiaren aurrean. Horren harira, segidan duzuen adierazpena plazaratu dute eta horrekin bat egin dutenen artean dira, Usurbilgo Gazte Feministak taldekoak.

"Hamarkadetan zehar ehuntzen eta josten ari garen bidearen aurkako iniziatiba bat dela uste dugu", nabarmendu dute. Mende erdia baino gehiago martxan daraman mugimenduaren esanetan, "espazioak eta haien izendapenak ezin dira nahieran erabili eta etika militante feminista baten baitan jardun behar dugu, espazioak eta erabakitako kontsentsuak errespetatuz".

Bigarrenik, argi utzi nahi izan du aipatu mugimenduak, "ez da putofoboa, sexu-lana lana dela defendatzen dugu, eta sexu langileek eskubideak behar dituztela ozen aldarrikatzen dugu haien borrokak babestearekin batera". Gaineratu dutenez, mugimendu hau "ez da trans-baztertzailea eta askotariko subjektuok osatzen dugu".

Honenbestez, orain arte egin bezala, aurrera begira ere iragarri dutenez, "lanean jarraituko dugu, beste mundu eta herri bat feminismotik eraikitzen".

Segidan duzue aipatu adierazpena osorik: