Asfaltatze lan betean dute tren geltoki berriaren ingurua. Asteotan, Atxega jauregitik bertaraino, tren geltoki berrirainoko urbanizazio lanak bideratzen ari dira. Orain, lan gehiago iragarri dituzte martxoko lehen hiru egunetarako. Izan ere, Eusko Trenbide Sareak (ETS) Usurbilgo Udalari jakinarazi dionez, asfaltatze lanak egin asmo dituzte tren geltokiaren bueltan.
Hasteko, martxoaren lehenean, igande honetan, gaueko 22:00etan hasi eta astelehen goizaldeko 6:00ak arte Atallutik Santueneara joateko ibilgailuen joan etorria eten egingo da. Izan ere, "zebrabide goratu berri bat egingo da", ETS-k Udalari jakinarazi dionez.
Biharamunean, martxoaren 2an eta 3an "Zumartegi industriagunean egingo dira lanak, tren geltoki zaharraren ondoko Erribera kalean". Ondorioz, Udaletik jakinarazi dutenez, "ezingo da eremu horretan aparkatu, bi egun horietan, 08:00etatik 18:00etara bitartean".
Eremu horretan hain zuzen, "hiru lan egingo dira. Batetik, aparkalekuak asfaltatuko dira: geltoki berrirako hornidura elektrikorako irekitako zangak estaliko dituzte. Bestetik, geltoki zaharreko espaloia asfaltatuko da: udalak Zumartegiko ibai ertzeko eremua zabaldu eta oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko lanak egin zituenean, tren geltoki zaharra hasten den lekura arte egin zituen, geltoki berriaren lanak tarteko. Orain, falta zen espaloi zatia berrituko da, eta, horrekin batera, zebrabide goratu berria egingo da geltoki zaharraren parean".