Errigoraren "Eskutik Eskura" kanpainako produktuak eskatzeko aukera gaurtik

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 26a

"Eskutik eskura egiten dugu herria" aldarripean, abian du Errigorak 2026ko lehen kanpaina. Gaurtik, otsailaren 26tik, Nafarroa erdialdean eta hegoaldean, ekoizleen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketaturiko produktuak eskura ditzakezue. Jasotako irabazien laurdena bertako euskalgintzara bideratuko dute.

"Herria lurra da, harekiko harremana, lanketa, egunerokoa, ohiturak, hautuak. Forma ematen digu egunero", hala dio Errigoraren "Eskutik Eskura" kanpainara begira plazaratu duten bideoak. Albiste honi atxikia duzue. Bertan entzun daitekeen moduan, herria ere gaurtik, otsailaren 26tik aurrera eskatu ahalko dituzuen produktuak ere badira.

Ohi baino goiztiarrago aurten, otsailaren 26tik martxoaren 18ra izango da Errigoraren “Eskutik eskura egiten dugu herria” kanpaina. Nafarroa erdialdean eta hegoaldean ekoitzitako produktuak eskuratzearen truke, irabazien laurdena zonalde hartako euskalgintzara bideratuko da beste behin. Oraingo honetan, oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta, lekaleak eta ardo loteak euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorriko prezioan erosi ahalko dituzue.

Eskabideak, ohi bezala, NOAUA! Kultur Elkartean nahiz errigora.eus bidez egin ahalko dituzue. Maiatzaren 8an eta 9an banatuko ditu kultur elkarte honek, iaz bezala, Udarregi ikastolako erdiko aretoan. Ordainketak egiteko bi modu izango dituzue. “Online eginez gero, bi zatitan ordaintzeko aukera izango duzu. Bestela, dena batera ordain dezakezu, eskudirutan, produktuak jasotzerakoan”, jakinarazi du Errigorak.

Ekimen honek, Errigoraren esanetan, “beste gisara kontsumitzeko aukera bat eskaintzen digu. Balioetan oinarritutako ekoizpen eraldatzaile bat bultzatzeaz gain, Nafarroa erdi eta hegoaldeko produktuak gure etxeetaraino jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta ekartzeko bide bat eskaintzen digu”. Hala, “gure lurrak emandako produktuak kontsumitzeko eta, beraz, herria egiteko aukera bat da”.

Informazio gehiago errigora.eus atarian jaso ahalko duzue.