"Beharrezko greba izan zen. Denok markatu gintuen grebak"

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 26a

Michelingo langileek eginiko oihartzun handiko ehun eguneko grebatik 50 urte bete dira. Ordukoa gogora ekartzeko ekintzen zikloa iragarri du, garaiko langileek eta bidelagunek osaturiko batzordeak.

Herrian, eskualdean, Euskal Herrian nahiz penintsulan oihartzun handia izandako gertakari baten 50. urtemugara heldu gara. 1976ko otsailaren 16an hasi eta maiatzaren 25era arte luzaturiko ehun eguneko greba egin zuten Michelingo langileek, zapaltzen zitzaizkien haien eskubideen defentsan. Lantegiaren aldetik jasandako errepresaliak amaitzea, hitzarmenaren negoziazioa eta horren baitan, soldata igoera eta berdintasuna edota Michelinen Valladolideko plantan bidalitako hamasei langileak berriz onartzea negoziatu nahi zuten enpresako zuzendaritzarekin, NOAUA! Kultur Elkarteak, Usurbilgo Etxerat eta Errepresioaren Aurkako Taldeek lankidetzan argitaratua duten "Herriak badaki. Usurbilgo memoria errepresiboa, 1973-2002" liburuan irakurri ahal izan dugun moduan.

"Haien ideien oinarri, langileen arteko demokrazia, bakezko ekintza, negoziazioa eta elkartasuna ziren". Aurrez aurrez zuten, ordea, negoziatu nahi ez zuen multinazional boteretsua. 3.500 langile zituen 1976an Michelinek. Ezin ahaztu, garaiko testuingurua ere; "Franco hil berria baina bere politikaren eragina bizirik; langileen mugimendua erdi klandestinoa oraindik". Garai hartan, lantegi horrek zuen eragiteko mailaren adierazlea da, bertan lan egin nahi zuenak "certificado de buena conducta" izenekoa aurkeztu behar zuela "aurreko lantokiak emandakoa edo, hori ezean, Guardia Zibilak berak emandakoa", aipatu argitalpenak jasoa duen moduan. Horrez gain, "Lasarteko kuartelean aurkeztu beharra zeukaten Michelinek hartzen zituen langileak ondo kontrolatuak egotea nahi izaten baitzuen".

Kaleratuak, atxilotuak...
2.400 langileek bat egin zuten ehun greba egunokin. 70 bat asanblada egin zituzten; "batzuk baimendunak, besteak gabeak", baina "kosta ala kosta, biltzea zen helburua. Asanbladak egiteko nonahi biltzen ziren; elizetan, mendian...". Haietako batzuk, Usurbilgo elizan bertan egin zituzten, Guardia Zibilak jarritako eragozpenengatik. "Bostehun bat langile eliza barruan zeudela, Guardia Zibila etorri eta berehala lekua uzteko agindu zigun. Zenbait ordezkari sindikal ofizialarekin elkarrizketatzeko asmoz atera ziren baina atxilotu eta Lasarteko koartelera eraman zituzten". Aste haietan, Guardia Zibilaren presentzia itogarria jasan zuten, "langileak eta hauei elkartasuna adierazten zietenak ere, astindu eta atxilotuz". 67 langile izan ziren kaleratuak, tartean zazpi usurbildar.


Elkartasuna nagusi
Protesta giroa ez zen Usurbilgo lurretan kokaturiko lantegira mugatu. Michelingo gainerako lantegiekin elkartasun dinamika bultzatu zuten Europa mailako greba bilakatzeraino. Ekintza eta mobilizazio gehiago bideratu zituzten borrokan ziren lantegi gehiagorekin batera. Horrez gain, martxoaren 3ko sarraskiari erantzuteko ahaleginean inplikatu ziren, erresistentzia ekonomikoko mekanismo berritzaileak bultzatu zituzten behar gehien zutenak laguntzeko edota mobilizazioetan inplikaturiko aintzidaria izandako emakumeen mugimendua egituratu zuten, lantegiko langileen nahiz haien emazteekin.

Zerbait nagusitu bazen, halere, elkartasuna izan zen. Beharrezko laguntza ekonomikoa jaso zuten langileok. "Alde ezberdinetatik lortu zuten: herritar, lantegi, taberna, denda, ikastola eta beste askok eskaini zieten laguntza". Horien artean, aipatu argitalpenak jaso bezala, "Lasarte-Usurbilgo ikastolak greban zeuden langileei ez zietela kobratuko erabaki zuen nahiz eta diru kontuetan beti defizita zuen entitatea izan".

Enpresako zuzendaritzak, ordea, negoziaziorako borondaterik ez zuen agertu ehun egunotan. Hiru hilabeteok igarota, "langileek lanera itzultzea erabaki zuten, batasuna mantendu eta barrutik borrokatzen jarraitzeko".


Bilgunea
Mende erdia igaro da ordutik. Hurbiletik bizi izandako orduko langile eta kaleratuek bilgunea osatu dute. Egungo langileen batzordearen babesa du. Orduan bizitakoa gogora ekarri eta jardueren zikloa antolatzea erabaki dute. Berriki egin zuten aurkezpen agerraldia Lasarte-Orian. Honako helburu hauek ditu: "trantsizioa deiturikoaren hasieran, 2.000 langileen kaleratzea ekarri zuen langile-borrokaren bizipenak berreskuratzea eta testuinguruan kokatzea; emakumeek greban izan zuten funtsezko zeregina agerian uztea; Lasarte-Oriako herriaren eta inguruko enpresen elkartasun aktiboa aitortzea; eta greban parte hartu zutenen eta Lasarte-Oriako bizilagunen arteko elkartzea eta adiskidetasuna bultzatzea, besteak beste". 

Transmisioan eragin nahi dute baita; orduan jazotakoa helarazi belaunaldi berriei, "gogoan izan ditzatela beti. Gaurko gazteen aiton-amonak izan ziren protagonistak. Gure helburua da memoria ariketa honek bultzada bat suposatzea egungo borroka sindikal eta sozialari, balioan jartzea borroka eta konpromisoaren beharra eredu sozial bidezkoago eta berdinzaleago batean aurrera egiteko, munduan zehar dabilen eta Euskal Herrian eta estatu espainiarrean ere sustraitzen saiatzen ari den olatu faxista eta autoritarioa geldiarazteko". 

Gogora ekarri zutenez, "Michelin makina inposatzaileari eta eskubide soziolaboralak eta oinarrizko askatasun demokratikoak (biltzeko eta manifestatzeko eskubidea, greba-eskubidea...) ukatzen zizkigun testuinguru politiko bati aurre egin behar izan zioten langileen belaunaldia oroitu eta omendu nahi dugu". Izan ere, gogora ekarri zutenez, "Michelinek ustiapen- eta kontrol-eredu oso sofistikatua garatzen zuen, elementu paternalistak tartean (kooperatiba, futbol-kluba...), hura amortizatu edo diluitu nahian. Ustiapen-eredu horrek, halaber, langileen arteko desberdintasuna eta konfrontazioa bultzatzen zuen, haien potentzial kolektiboa neutralizatzeko modu gisa. Negoziazio kolektiborik ez zegoen eta pantomima negoziatzaileak egiten ziren erregimen frankistaren sindikalismo bertikala ezartzen zuen eredu antidemokratikoarekin. Sindikatuak legez kanpokoak ziren eta patronalak nahiz sistemak langileen mugimenduaren antolakuntza- eta borroka-mekanismoak jazarri eta baldintzatzen zituzten".

Ekarpen garrantzitsua egin zieten langileok "garai hartako langile-borroken ereduei eta dinamikei". Ez hori bakarrik. "Michelin bezalako munstro baten aurrean, guztiok ahaldundu gintuen greba izan zen. Grebak aurrez aurre jarri gintuen, enpresaren interesen defentsan, gure porrota bilatzen zuen sistema politiko baten kontra". Lanera itzuli behar izan zuten ehun eguneko grebaren ondotik eta "errepresio handia izan zen" itzulera haren osteko hilabeteetan. Baina argi diote, "testuinguru sozial eta politiko hartan bidea ireki zuen borroka izan zen. Beharrezko greba izan zen. Denok markatu gintuen grebak. Langile klaseko kide gisa harrotasuna eta duintasuna eman zigun grebak".

Batzeko deia
Agerraldi hartan, taldera batzeko dei egin zieten duela 50 urte Michelinen lanean aritu edota kaleratuak izandakoei. Haiei guztiei, gainera, honako hau eskatu zieten; "garai hartako edozein dokumentu, argazki, panfleto, pegatina edota prentsa erreseina" helaraztea, erakusketa antolatu asmotan dira eta. Materialik izanez gero, bilgunearekin hartuemanetan jartzea galdegin dute, helbide honetara idatzita: 100egunekogreba@gmail.com. Erakusketaz gain, ehun egun haietan kaleraturiko langileen eta partaideen asanblada, institutuko gazteei zuzenduriko hitzaldia, grebari buruzko beste saio bat edota lagunarteko bazkari bat ere antolatzekotan dira. Hitzordu gehienak Lasarte-Orian egitekoak dituzte, baten bat Usurbilen ere bai.