Emakume espetxeratuen "zigor gehitua" salatu dute Sareren mobilizazioan

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 28a

Hileroko azken ostiraleko elkarretaratzeak Martxoaren 8ra begira, emakumezko euskal presoen eskubideen defentsarako deia egin dute Sareren pasa den ostiral iluntzeko elkarretaratzean.

Hilero moduan, azken ostiraletako Sarek deitutako elkarretaratzea egin da ostiral iluntze honetan, Mikel Laboa plazan. Amaitzear duguna, hilabete nahasia izan dela nabarmendu zuten mobilizazio amaieran, "iraganera iltzatuak nahi gaituztenek buru-belarri jardun baitute zilegi eta legezkoa den etxeratze prozesua kutsatu nahian".

Zehaztu zutenez, "Euskal Herriak etorkizunari eta elkarbizitzari begira diezaion ezinbestekotzat jotzen dugun etxeratze prozesua jo-puntuan izan da azken egunotan, zenbait kazetari eta hedabideren partetik eta prozesua bera eta gure aldarrikapenaren beharra nabarmendu nahi dugu beste behin".

Emakumezko euskal presoen eskubideen defentsarako deia
Horrekin batera, ate joka dugun Martxoaren 8ra begira jarri dira Sareren mobilizazioan. Izan ere, otsaila amaierako elkarretaratze hori baliatu nahi izan dute "espetxean ere, emakumeek sufritzen duten zigor gehitua beste behin salatzeko. Gizonezkoen eta gizonezkoentzat pentsatua dagoen espetxeetan, emakumezkoentzat ezinbesteko diren bizi beharrak asetzea aldarrikatuko dugu aurtengoan ere eta dei egiten diogu gizarte zabalari herri eta eskualdeetan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartu eta emakumezko euskal presoen eskubideen defentsa egitera".

Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesuan erabakiorrak izan daitezkeen datozen hilabeteei begira, gaineratu dutenez, "Sare Herritarretik, konponbidearen bidean sakondu eta horrenbeste behar eta merezi dugun bakea eskuratzeko lanean berresten gara".

Saretik nabarmendu dutenez, "ondorio guztiekin amaituta lortuko dugu elkarbizitza justu eta iraunkor batera igarotzea, ezinbestekoa da norberak bere esparruetatik logika horretan ekarpenak egiten jarraitzea eta guk ere bide horretan jarraituko dugu ekarpenak egiten".

Sareren hurrengo mobilizazioa hilabete barru izango da, martxoaren 27an, iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan.