Asfaltatze lanak datozen hiru egunotan, tren-geltokiaren inguruan

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 28a

Martxoaren 1etik 3ra tren-geltoki berriaren bueltako asfaltatze lanak egingo dituela jakinarazi dio Eusko Trenbide Sareak (ETS) Usurbilgo Udalari.

Aurrerabidean dira Usurbilgo tren-geltoki berriko lanak. Jada itxura argia hartzen hasia da zer nolakoa izango den azpiegitura berri hau. Jarria dago, garai bateko Etxealdiako zubia ordezkatuko duen pasabide berria. Agerikoak dira baita zubi horretatik tren-geltoki berrira jaisteko igogailuak nahiz pasabide horren tamaina. Izan ere, orain artekoak ez bezala, aurrerantzean Etxealdiatik geltokira arte soilik ez, trenbidea gainetik zeharkatu eta Atalluraino luzatuko da. Hara jaitsi nahiz bertatik igotzeko igogailua izango da baita.

Irisgarritasuna eta segurtasuna bermatuko duen geltoki berriko lanak zertan diren albiste honi atxikitako irudiotan dituzue.

Asfaltatze lanak
Lanak, bistan denez, aurrerabidean dira. Adi, egunotarako Usurbilgo Udaletik plazaraturiko oharrari. Izan ere, asfaltatze lan betean dute tren geltoki berriaren ingurua. Asteotan, Atxega jauregitik bertaraino, tren geltoki berrirainoko urbanizazio lanak bideratzen ari dira. Orain, lan gehiago iragarri dituzte martxoko lehen hiru egunetarako. Izan ere, Eusko Trenbide Sareak (ETS) Usurbilgo Udalari jakinarazi dionez, asfaltatze lanak egin asmo dituzte tren geltokiaren bueltan.

Hasteko, martxoaren lehenean, igande honetan, gaueko 22:00etan hasi eta astelehen goizaldeko 6:00ak arte Atallutik Santueneara joateko ibilgailuen joan etorria eten egingo da. Izan ere, "zebrabide goratu berri bat egingo da", ETS-k Udalari jakinarazi dionez.

Biharamunean, martxoaren 2an eta 3an "Zumartegi industriagunean egingo dira lanak, tren geltoki zaharraren ondoko Erribera kalean". Ondorioz, Udaletik jakinarazi dutenez, "ezingo da eremu horretan aparkatu, bi egun horietan, 08:00etatik 18:00etara bitartean".

Eremu horretan hain zuzen, "hiru lan egingo dira. Batetik, aparkalekuak asfaltatuko dira: geltoki berrirako hornidura elektrikorako irekitako zangak estaliko dituzte. Bestetik, geltoki zaharreko espaloia asfaltatuko da: udalak Zumartegiko ibai ertzeko eremua zabaldu eta oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko lanak egin zituenean, tren geltoki zaharra hasten den lekura arte egin zituen, geltoki berriaren lanak tarteko. Orain, falta zen espaloi zatia berrituko da, eta, horrekin batera, zebrabide goratu berria egingo da geltoki zaharraren parean".