Nazioartetik berri kezkagarriak heltzen ari zaizkigun larunbat honetan, bestelako mundu bat eraiki dezakegula argi erakusten duen albistea duzue honakoa. Gaur, otsailaren 28an jasotako irudiak dituzue albiste honi atxikitakoak, Usurbilgo jatorri aniztasunaren adibide argia. Izan ere irudiotan, Donostiatik, Burgostik, Kolonbiatik, Alemaniatik eta Pakistandik gure artera bizitzera etorritakoak dituzue.
Sorterri guztiotako kideek aurrerantzean Usurbil izango dute bizilekua eta elkargunea. Azken urtebetean heldu dira udalerri honetara, Alemaniako familiak hilabete eta erdi baino ez darama Usurbilen esaterako. Lanak edota bertan, aurrez bizitako senideek erakarrita heldu dira hona. Denak bizi proiektu berri bati edota aurretik zutenari segida ematera.
Azken hamabi hilabeteotan Usurbila bizitzera etorritako herrikide talde bat udalbatza aretoan bildu da, Udalak berak antolaturiko ongi etorri ekitaldian. Udal gobernu taldeko ordezkaritza batek harrera egin die hitzordura joandakoei.
Harrera
Hitz gutxitan, aurrerantzean bizileku izango duten herria aurkeztu nahi izan diete. Herri euskalduna, ama-hizkuntza euskara nagusi duena. Aipatu diete, laster datorkigula 24. Korrika. Sagarraren eta sagardoaren kulturari estuki lotutako udalerri hau aurkeztu diete.
Gure artera datozenentzat, Udalak urteotan landutako proiektu eta baliabideak ezagutzeko aukera izan dute herrikide berriek. Harrera protokoloaren baitan harrera zerbitzua abiarazia du Udalak Usurbilen erroldatzen direnentzat. Baliabideen gida bat kaleratua dute; tartean, hiztegitxo bat sei hizkuntzetara itzulitako euskarazko oinarrizko hitzekin. Bestalde, integrazio komunitarioan laguntzeko Udalak Zabalduz kooperatibarekin martxan duen HarEman mentoretza sozialeko programa aurkeztu zaie. Alor horretan landutako proiektu eta egitasmoez mintzatu zaie udal gobernu taldea herrikide berriei.
650 Usurbil Bizi herri egitasmoa ere aurkeztu zaie. Aurkeztu soilik ez, herria hobekiago ezagutzeko aukera izan dute udalbatza aretoko bilerara joandakoek. Atarian talde argazkia atera ostean, herri honetako kaleetako kultur sorkuntza, herria bera sakonago ezagutzeko aukera izan dute. Izan ere, herri egitasmo horretako bisita gidatuetako batean parte hartu ahal izan dute, "elkar ezagutzea, harreman berriak sortzeko aukerak zabaltzea eta herriko elkarbizitza erraztea" xede izan duen harrera egun hau borobiltzeko.
"Aniztasuna ez da mehatxu bat, aberastasuna baizik"
Iaz udalerri honetara bizitzera etorritakoei gutun bana helarazia zien Udalak aldez aurretik, larunbat honetako bilera horretara joateko gonbidapenarekin. Urteotan abiarazitako proiektuen berri eman zaie eskutitz horren bidez udalerri honetara bizitzera etorri berriak direnei; "besteak beste, plan estrategikoaren osaketa, Migrazioari maskarak erauzten dokumentala, Mundualdia jaialdiak, Aniztasun Kontseiluaren sorrera, Ongietorri Gida eta Usurbil harrera herri bilakatzeko martxan jarritako etorri berrientzako harrera zerbitzua".
Izan ere, Udalak errolda datuak aintzakotzat hartuta gogora ekarri duenez, "hazi egin da hainbat jatorritako herritar berrien kopurua, eta, ondorioz, jatorri, kultura, hizkuntza, erlijio eta, oro har, identitate aniztasunaren kudeaketa erronka handia da Usurbilentzat".
Ideia horixe nabarmendu die alkateak gutun bidez herrikide berriei. “Gure premisa edota abiapuntua argia da: aniztasuna ez da mehatxu bat, aberastasuna baizik. Gaia modu egokian kudeatu eta jatorri aniztasuna kohesio sozialerako elementu izan dadin nahi du udalak, eta asmo horrekin hasi zen garatzen Usurbilgo jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen lan-ildoa. “Aniztasuna balio positibo moduan sustatzen duen herri-ikuskera, jatorria edozein dela ere, pertsona guztien aukera berdintasuna bermatu asmo duen udal-jarduna, eta elkar ezagutzan eta aitortzan oinarritutako ekimenak barnebiltzen dituen lan-ildoa da, hain justu”.