Aurten 30 urte beteko dituen EHZ jaialdiak, azkeneko Joan Mari Torrealdai beka deialdiko irabazleak tailerra eskainiko du datorren martxoaren 14ko Gazte Egunean. Udalarekin, Kulturgunearekin eta Aztarrika Gazte Asanbladarekin lankidetzan antolaturiko ekimenaren aurkezpenean EHZ-ko ordezkari Aitor Servierrek iragarri moduan, "eskainiko duguna da, kultur ekimenen antolakuntzarako urratsak zeintzuk diren"; alegia, "horren inguruko ikaste prozesu bat" izango dela aurreratu du; "batez ere, zer nolako gogoetak egon daitezkeen kultur jardueraren oinarrian, zer nolako praktikak garatu nahi ditugun, kasu honetan, gazte esparrutik nolako ekarpena egin dakiokeen herri edo eskualde bateko kultura ekosistemari eta beste hainbat kontu".
Landutakoa ez da maila teorikoan geratuko, tailer praktikoa izango baita. "Guretzat agian interesgarriena da, udaletxeari esker, Usurbilgo 16-20 urte arteko gazteek aukera izango dute ikastaroa praktikan jartzeko, kultur ekitaldi bat antolatuta, udalaren babes ekonomikoarekin eta gure nolabaiteko laguntzarekin".
Izen-ematea zabalik
Tarte horretako gazteei zuzenduriko saioa da lerrootan mintzagai duguna, "izan ere, herri mugimendura aktibatu daitezkeen gazteak bilatzeaz gain, dagoeneko martxan daudenak bertan egotea ere garrantzitsua iruditzen zaigulako".
Parte hartzeko gonbita egin dute. Aipatu moduan, "kulturgintzari ekin" izeneko tailer hau martxoaren 14ko Gazte Egunean egingo da, goizeko 11:30etan hasita Artzabalgo Gazte Lokalean. Interesdunek izena eman dezakete jada, albiste honi atxikitako karteleko QR kodearen bidez. Bertan eskuratu ahalko den galdetegia osatu beharko da.
"Espero dugu, elkarlana emankorra izango dela. Hau ez da soilik goitik beherakoa, gu ere seguru gaude asko dugula ikasteko zuengandik eta Usurbilgo gazteengandik", EHZ-ko ordezkari Aitor Servierren esanetan.
Torrealdai bekatik
Gogoan izan, tailer honen jatorria zein den. Aipatu moduan, Jakin fundazioak eta Usurbilgo Udalak sustaturiko Joan Mari Torrealdai Beka deialdia da horren sorburua hain zuzen. Hainbat urtez, elkarrekin Jakin Jardunaldiak antolatzen aritu ostean, 2022an abian jarritako egitasmoa da, Torrealdai bera hil eta bi urtera, "Usurbildik Euskal Herriari ekarpen bat egiteko, Torrealdaik bizitza osoan egin zuen horretan sakontzeko asmoz; ikerketan, herrigintzan eta dibulgazioan arreta jarriz".
Lehenengo edizioko beka, Metrokoadroka Kolektiboak eskuratu eta "Artxibo Biluziak" proiektua ondu zuen. Bigarren edizioan, EHZ-k eskuratu zuen, "EHZ 1996-2026: herri bat zuzenean" izeneko proiektuarekin. Datak irakurrita, aurten beteko ditu jaialdi horrek 30 urte. Landutako egitasmoaren baitan, "ibilbide osoari erreparatu diote, ez ariketa nostalgiko gisa baizik eta aurrera begira lanean jarraitzeko oinarri sendoak eraikitzeko" ere baliatu dute bideraturiko lanketa, kultur arloko udal gobernu taldeko ordezkari Jon Mikel Azpiazuren esanetan.
Egitasmo horren testuinguruan kokatu beharra dago hain zuzen, tailer hau. "EHZk bekaren bidez landutako edukiak hainbat euskarrietan plazaratuko ditu. Jada hasia da "Uhinen Ildoan" podcastarekin eta gainera, Arrobitxulorekin batera "Kulturgintzan ekin" tailerra egingo dute Usurbilen", aipatu moduan, hilaren 14ko Gazte Egunean.
"Elkarlanareko aukerak bilatzea"
Bekak hain zuzen, Servierren esanetan, "berebiziko bultzada eman dio 30. urteurren honen harira lantzen ari garen proiektu sortari. Dagoeneko bekaren emaitzak argia ikusten ari dira". Aipatu podcastaz gain, "maiatzean ikusiko du argia EHZren ibilbideari buruzko liburuak. Dokumentala, berriz, udazkenean iritsiko da pantaila handira".
Hortik haratago joan nahi zuten, ordea, EHZ-koek. "Usurbilgo herriarekin lotzen ari garen harreman edo elkarlan honetan, guretzat funtsezkoa zen, bekatik eratorritako artelan horietaz haratago, elkarlanerako aukerak bilatzea eta nahiko naturala iruditu zitzaigun gure ekarpena izan zitekeela gazteak kulturgintzan aktibo izan daitezen, nolabaiteko akuilu lana egitea". Ahalegin horretan hasita, Udalarekin eta Arrobitxuloko kideekin, "behar batzuk identifikatuta, erabaki dugu martxan jartzea" hilaren 14ko tailerra.
Arrobitxuloren helburu eta baloreekin bat
"Guretzat luxua da, EHZ festibala bezalako eragile bat bidelagun izatea, duten eskarmentuagatik eta egiten duten lanagatik", nabarmendu du Azpiazuk. Ildo beretik, eskerrak helarazi nahi izan dizkio baita Arrobitxulo elkarguneari ere, "halako ekimen ederra abiatzeagatik, eta baita Aztarrika Gazte Asanbladari Gazte Egun honetan txertatzeagatik ekimen eder hau, herriko gazteen aktibaziorako motor izateagatik eta oraingoan ere, erreferente izaten jarraitzeagatik lan horretan".
Lankidetza eredu hau goraipatu du kultur arloko zinegotziak. "Kultur ekimenez beteriko herri bizia dugu eta honakoa, kultur eragileei eta gazte militanteei esker lortzen da. Hazia jartzera goaz oraingoan ere, urte askoan gure herriak ere hala izaten jarrai dezan".
Tailer honek bete-betean bat egiten du baita Arrobitxulo elkargunearen dinamikarekin. Bilguneko ordezkari Anje Labakak gogorarazi moduan, "Arrobitxulo, nerabe, gazte eta kulturtzaleen aterpea izango den proiektua da". Herriko gazte mugimendua izan zuen abiapuntu, zehazkiago esanda, pandemia garaian herriko gazteen egoerari buruz eginiko azterlanak. Bertan "ondorioztatu zen, herriko sortzaileen jardunerako, kultur emanaldiak programatzeko eta gazteen arteko harremanak sortzeko, gune berri bat behar zela herrian".
Ordutik, "urte haietan gai hori lantzea izan zen Gazte Egunearen helburu nagusia. Gerora, Aztarrikarekin batera, Kulturgunea, Ziortza Gazte Elkartea eta Gaztelekua aritu ginen, Arrobitxuloren proiektua definitzeko partaidetza prozesuan. Prozesu horretan, proiektuaren edukiak adostu genituen eta bost helburu jarri genizkion Arrobitxulori: sen komunitarioarekin aritzea, elkarlanean jardutea, euskal kulturgintza hauspotu eta transmisioa bermatzea, askotariko jardun eta eskaintza bermatzea eta gazteen beharrak asetzea eta herritar aktibo bihurtzea".
Aitana Davilak gaineratu moduan, "hainbat balore sustatzea ere adostu genuen: burujabetzea, ekologismoa, feminismoa, euskaltzaletasuna, elkarlana, parte hartzea, inklusioa, komunitatea eta sormena. Egoitza fisikorik izan gabe ere, bizirik dagoen proiektua da Arrobitxulo. "Kulturgintzan ekin" tailerra, zentzu horretan, gure helburu eta baloreak sustatzeko ekimen ezin aproposagoa dela iruditzen zaigu".