Kantu eta dantza bira egin dute herrian barrena

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 28a

Urteko bigarren ohiko kantu-jira egin du herrian barrena, Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak.

Azken hilabeteko tartean, laugarrenez irten dira Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoak plazara; honako honetan, ohikoa duten hitzorduaren eskutik, hileroko kantu-jirarekin.

Izan ere, hilero azken larunbatetan irten ohi dira kalez kale, herri erdigunea euskal kantuez blaitzera. Kantuan eta dantzan ere aritu dira, giro eguzkitsua bidelagun izan dutela.

Aldaketarik ez bada, hilabete amaieran plazaratuko dira berriz kantuan; hilaren 28an hain zuzen. Ordura arte, astelehenero segiko dute hamazazpigarrena duten ikastaroarekin.

Laugarren saioa hilabetean
Urte hasiera mugitua izan dute Kantu Taldeko kideek. Izan ere, urtarrilaren 12an abiatu zuten hamazazpigarren ikastaroa Kantu Taldekoek. Ordutik, jada lautan irten dira kantuan plazara; hasteko, duela hilabete, urtarrilaren 31n, 2026ari zegokion lehen kantu-jiran. Lau egun geroago plazaratu ziren berriz, Agate Deunaren bezperan, baserritar jantziekin eta makilak eskuartean, lurrari deiadarka, otsailaren 4ko ospakizunean. Otsailaren 13an, ekaitza tarteko, erdizka ospaturiko herri inauterietan ere parte hartu zuen Kantu Taldeak.

Laugarren irteera egin dute larunbat honetan, otsailaren 28an.

Kantu Taldearen hurrengo hitzorduak
Astelehenero...
18:00 Hamazazpigarren ikastaroa Agerialdeko musika gelan.

Martxoak 28, larunbata
12:00 Kantu-jira Mikel Laboa plazatik abiatuta. Ez ahaztu kantu-liburuxka eramatea.

Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.