Ospakizuna jolas, Usurbil F.T.-ren 50. urtemugaren harira

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 1a

Usurbil F.T.-k aurten betetako 50 urteen harira abiaturiko ospakizun zikloaren baitan, futbolin eta ping-pong txapelketak antolatu ditu gazteentzat zein helduentzat Usurbilgo frontoian.

Frontoia lagunarteko jolastokian bilakatu du Usurbil F.T.-k larunbat honetan, otsailaren 28an. Izan ere, aurten betetako 50 urteen harira abian duten ospakizun zikloaren baitan, ping-pong eta futbolin txapelketak antolatu ditu futbol taldeen bilguneko zuzendaritza taldeak. Ordu askotako lehia izan da. Arratsalde partean, lehenik, hitzorduak gazteak izan ditu parte hartzaile. Iluntze eta gau partean, aldiz, helduak aritu dira jokoan. Batzuk zein besteak, denak, lagunarte giro ederrean. Saltsa ederra piztu du Usurbil F.T.-k hitzordu honekin.

Kirol Astea
Larunbateko hitzordu honen ondotik, datorren udaberriko oporraldian ere Kirol Astea antolatuko du Usurbil F.T.-k, LH 3-6 mailakoentzat. Izen-ematea zabalik dute martxoaren 22ra arte. Martxoaren 30ean hasi eta apirilaren 2ra arte deitu dute aurtengo edizioa.

Saioak goizez izango dira, 10:00-13:00 artean. Prezio orokorra 40 eurokoa izango da, 30 eurokoa txokoetan anai-arrebarik izanez gero. Izen-ematea helbide honetan bideratu ahalko da: https://forms.gle/NqM2u31W7PAzs9G48 . Bertan duzue ordainketak egin beharreko kontu zenbakia ere. Ordainketak egiterakoan, kontzeptuan haurraren izen-abizenak eta “Kirol Astea” jartzea eskatu dute antolatzaileek.