"Publizitate agentzia honetako hiru kideak edozer saltzeko kapaz dira. Den-dena, baita behar ez duzuna ere. Batik bat, behar ez duzuna. Despistatu, eta bi buruko koilara bat salduko dizute azkarrago bazkalduko duzula esanda. Edo ohe birakari bat, gauero estresa zentrifugatuko dizuna. Edozer. Txakurrentzako katiuskak eta arbolentzako aterkiak. Jendea Arabar Errioxan ardo urdina eskatzera iritsi zen hauen kanpaina baten ondotik. Azken orduko gertaera batek, ordea, hankaz gora jarriko du agentzia. Gauza bakar bat saltzea lortu behar dute: gehiago ez erosteko gogoa".
Hortxe, "Kolapsoa" antzezlanaren abiapuntua. Igande honetan, martxoaren lehenean estreinatu dute Sutegiko auditorioan. Gogoan izan, Usurbilen ondua izan dela, euskarazko kultur sorkuntza sustatzea xede duen Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren baitan. Proiektu horren sortzaileek Usurbilen egindako egonalditik oholtzaratu dute.
Hain zuzen, euskal sortzaileei lanok bideratzeko beka eskaintzeaz gain, plazak ere eskaintzen zaizkie egindako lana aurkezteko. Izan ere, Euskal Herrian barrena biratxoa egiteko aukera dute. Usurbilen igande honetan estreinaturiko "Kolapsoa" antzezlana esaterako Astigarragan, Atxondon, Baztanen, Ikaztegietan, Andoainen, Baigorrin, Lekunberrin, Gorlizen edota Asparrenan ikusgai izango da urte amaierara arte.
Sorkuntza lan honen zein egitasmo honetan ondutako gainerakoen emanaldien hitzorduen berri, esteka honetan jaso dezakezue: udalbiltza.eus/geuretik-sortuak/
"Kolapsoa"
Ekoizpena: Jon Ander Urresti.
Zuzendaritza: Matxalen de Pedro.
Interpreteak: Maite Mugerza, Txubio Fernandez de Jauregi, Jon Ander Urresti.
Testuak: Nerea Ibarzabal.
Argiztapena: Mikel Perez.
Soinuztapena: Asier Renteria.
Jantziteria eta atrezoa: Paloma Merino.
Argazkiak: Iker Gozategi.
Irudi eta maketazioa: Arriguri.
Teknika: Vanesa Santos.