Txokoaldeko zubia ireki ostean, ordezko ibilbidea konpontzera doaz

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 3a

Asteazken honetan, martxoaren 4an hasita hiru egunez, Txokoaldeko zubia itxita izan den artean baliaturiko ordezko ibilbidea konpontzera doazela jakinarazi du Usurbilgo Udalak.

Abenduaren 19an ireki zuten partzialki eta otsailaren 6an bere osotasunean, Txokoaldeko zubi eraberritua. Ekaina hasieran itxi zuten birgaitze lanok egiteko. Tarte horretan guztian zehar, ordezko bide bat baliatu behar izan da Txokoaldera sartu nahiz bertatik irteteko. Izan ere, ibilbide zirkular bat egokitu zuten.

Hala, Txokoaldera heltzeko Santueneatik gora jo beharra zegoen eta lehenengo bidegurutzean Irabibidean eskuinerantz jo eta handik erriberara jaitsi beharra zegoen. Hurrengo bidegurutzean, Txokoalderantz biratu. Zati hau, norabide bakarrekoa izan zen obrak amaitu artean. Txokoaldetik irteteko, aldiz, San Estebanera igo beharra zegoen.

Aipatu moduan, Txokoaldeko zubiko lanak amaitu eta pasabide hau zabaldu dutenean ezabatu dute ezinbestean egin beharreko ibilbide zirkular hori ere. Hilabeteotako joan-etorriek hanbat zulo sorrarazi dituzte. "Azaro-abendu inguruan, nabarmen kaskartu zen bidea kamioien joan-etorriak tarteko zuloak sortu baitziren", oroitarazi du Udalak. Garai horretan, "behar larriena zutenetako lau konpondu zituen udalak behin-behinean, zubia irekitzen zenean behin betiko konpontzeko asmoarekin. Zubia otsailaren 6an erabat irekita, hitz emandako konponketak egingo dira" orain.

Asteazken honetan, martxoaren 4an hasi eta hiru egunez, egingo dira asfaltatze lanok. "Txokoaldeko zubia itxieragatik egokitu zen behin-behineko ibilbidean sortutako zuloak estaliko dira. Guztira, 31.000 euro inguru inbertituko ditu udalak", jakinarazi dutenez.

Lanok ibilgailuen joan-etorrian eragin dezaketen arren, Udaletik ohartarazi dutenez, "ez da erabateko mozketarik izango".