Eskaera hau bideratzeari aho bateko onespena eman zion udalbatzak otsailaren 26ko osoko bilkuran. Aurrerago, Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeak eskaera hori onartu edo ez erabaki beharko du. Sarrera baldintza horiek zehazteko lanketan dihardu du Udalak Partzuergoko teknikariekin, "eraikinari eta zerbitzua emateko beharrezkoak izango diren langileei dagozkienak batipat". Ildo horretan, "Usurbilgo Udalak, Hezkuntza Sailarekin eta Udarregirekin hainbat bilera egin ditu Usurbilgo haur eskolaren etorkizuneko kudeaketaren inguruan eta erabaki da 0-2 Partzuergoan integratzea eta 2-3 Udarregi ikastetxeak kudeatzea".
PSE-ko bozeramaile Petri Romeroren esanetan, "akordio hau kudeaketa eredu baterako lehen urrats gisa ulertzen dugu, orain arte udal zerbitzua izan dela kontuan hartuta". Orain, "erabaki horrek lagunduta joan behar du, gure ustez, prozesu batekin" eta hori "inplikatutako eragile guztien elkarrizketarekin, erantzukizunarekin eta akordiorako borondatearekin garatu beharko da". PSE-tik garrantzizkotzat jotzen dute, "trantsizio hori sentsibilitatez eta zorroztasunez egitea, kontuan hartuta, inplikatutako familiak, langileak...".
Eztabaida orain arteko ibilbideaz
EAJk ospatzeko moduko egun gisa eta urrats erabakigarritzat definitu zuen unea bera, hurrengo ikasturtetik aurrera, "Usurbilek izango duelako 0-2 urte arteko haur eskola publikoa, doakoa eta unibertsala". Eskerrak helarazi nahi izan zizkieten bide hau jorratzea ahalbidetu dutenei, "bereziki aitortu nahi dugu langileen pazientzia". Urrats honekin, "EAJ-k urte luzez eginiko aldarrikapen bat gaur errealitate bihurtzera doa", adierazi zuen Ivan Iriondok.
Udalbatzak hartutako erabakiak bi ondorio izango zituela nabarmendu zuen; "Usurbilgo familiek, lehen aldiz, 0-2 urteko haur eskola zerbitzu publikoa eta doakoa izango dute. Hau ez da txikikeria bat. Orain arte, Usurbil Buruntzaldeako herri bakarra izan da matrikula ordaindu behar izan duena. Gure familiak desabantaila egoeran egon dira, gainerako herriekin alderatuta. Egoera hori amaitu egingo da. Bigarrenik, gaur egun arte zerbitzuan lan egiten duten zazpi langileek partzuergoan integratzeko aukera izango dute. Horrek esan nahi du, lanpostuen jarraipena eta egonkortasuna bermatzeko urrats sendoa ematen dela". Iriondok gaineratu zuen hasieratik defendatu izan dutela, integrazio hori "langileen eskubideak errespetatuz eta bermatuz egin behar dela". Horrekin batera, "borondate politikoa dagoenean zailtasunak gainditu daitezkeela" agerian geratu dela esan zuen. Orain arteko bidean, "zalantzak, oztopoak eta kritikak egon" direla oroitarazi nahi izan zuen, hasieran "zalantzan jarri zela prozesua bideragarria ote zen edo ez". Horrekin batera, "publikoki aitzakia ugari entzun behar izan genituen, ez zegoela bermerik, ezinezkoa izango zela, langileak kalera joateko arriskua zegoela… Denborak bakoitza bere lekuan jartzen du".
"Ez dugu oztoporik jarri"
Adierazpen hauei erantzunez, udal gobernu taldetik Xabier Aranburuk argitu nahi izan zuen, lehenbizi, "partzuergoaren kontra inoiz ez dugu hitz bat esan EHBildutik. Ez dugu oztoporik jarri". Gogora ekarri nahi izan zuenez, "aurreko lizitazioa bukatzera zihoanean partzuergoko atea jo genuen. Ikusita zer kostu zeukan udal aurrekontuetan, esan genuen aukerarik egongo ote zen subrogazio bat egoteko, haur eskola partzuergoan sartzeko eta argi eta garbi esan ziguten ezetz".
Horren harira, udal gobernu taldetik nabarmendu zutenez, partzuergoan ez sartzeko arrazoi bakartzat zuten, "hezitzaileak kanpora joango zirela". Arrazoi hori tarteko, jarri zuten lizitazio berria martxan eta, ondorioz, "horregatik jarraitu genuen udal proiektuarekin". Subrogazio aukera hau etorri den unetik, Aranburuk berretsi zuenez, "proiektuari ez diogu oztoporik jarri. Bermeak eskatzen aritu gara, batez ere, hezitzaileentzat eta Udalarentzat".
Bilera irekia
Adierazpen horien aurrean, EAJ-ren bozeramaileak berriz adierazi zuen, "betidanik partzuergoan sartzearen aldekoak izan" direla, "subrogazioarekin". Aldiz, EHBilduko zinegotziak gogorarazi zienez, "partzuergoak aukera bakarra" utzi izan du eta ondorioz, "ezin da partzuergoan sartzearen eta hezitzaileak defendatzearen alde egon" aldi berean. Izan ere, "bi aukera horien artean aukeratu behar izan genuen". Udal gobernu taldetik, hezitzaileen aldeko apustua egin zutela oroitarazi zuen.
Horrekin batera, alkate Agurtzane Solaberrietak argitu nahi izan zuen udalbatzak une horretan hartutako erabakia partzuergoan sartzeko eskaera baino ez zela, bide luzeago baten hasierako urratsa. "Oraindik ez gara sartu" argitu zuen. EAJ-ren adierazpenei erantzunez zioen, espero zuela iraila hasiera izatea ospatzeko unea, "orduan argituko delako benetan, tartean hartu behar ditugun erabaki guztiak ondo hartu ditugula". Izan ere, zalantzak izan dituztela aitortu zuten, baina ez zalantza politikoak, bidearen eta haren nolakotasunari lotutakoak hain zuzen. Horregatik, zioenez, "espero dut dena ondo joatea, guztion hobebeharrez eta usurbildarren eta Usurbilgo haurren hobebeharrez". Momentuz, hilabete honetan bilera ireki bat deitu dute haur eskola partzuergoan sartzeari buruzko informazioa eskaintzeko, apirilean izango den aurrematrikulazio kanpainaren aurretik.
Hitzordua finkatu dute jada; aipatu bilera hori, martxoaren 24an egingo dute, arratsaldeko 18:00etan Sutegiko auditorioan.