Udalbatzaren osoko bilkura

Euskararen erabilera normalizatzeko plan berria onartu dute

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 4a

Euskararen erabilera normaltzeko zazpigarren plangintzaldia onartu zuen udalbatzak aho batez, 2023-27 urte artekoa hain zuzen, otsailaren 26an eginiko osoko bilkuran.

Izan ere, "erakunde publikoetan, gure kasuan Usurbilgo Udalean, hizkuntza-politika egiteko bost urteko planen bitartez gauzatzen da. 2023. urtean VII. plangintzaldian sartu ginen eta Usurbilgo Udalari bere plan estrategikoa diseinatzea, onartzea eta abian jartzea dagokio".

Udaletik aurreratu dutenez, plangintzaldi honen "bisioa Udalean euskararen erabilera indartzea eta areagotzea izango da, bai zerbitzu hizkuntza bai lan hizkuntza modura, euskararen erabilera bermatu eta herritarren hizkuntz eskubideei erantzun ahal izateko". Kudeaketarako erronka hauek finkatu ditu Udalak: egitura egokia antolatzea udalaren kudeaketa orokorrean txertatuta, jarraipen sistematikoa egitea, hizkuntza irizpideak ezagutarazi eta betearaztea edota arduradun politikoen zein langileen lidergotza sustatzea. Erabilerari lotutako beste bi erronka hauek finkatu dituzte; batetik, "hizkuntza irizpideak ezagutarazi eta betearaztea" eta, bestalde, "euskara izatea sortze-, lan- eta zerbitzu-hizkuntza". Planak, gainera, "hiru eranskin jasotzen ditu: hizkuntza irizpideak, Kemen markoaren adierazleak eta lanpostuen zerrenda".

Sustapenean erreferentzialtasuna
Alor honetako udal gobernu taldeko ordezkari Maialen Iñarraren esanetan, aspaldidanikoa da Udalak euskararen alde eginiko hautua. 1989an onartu zuen jada alor hau arautzeko ordenantza, 1997an Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) sartu zen. Udalak euskararen sustapenean erreferentzialtasuna duela ere gaineratu zuen. Izan ere, 2022an Bikain ziurtagiria eskuratu zuen. Horretarako osaturiko diagnosia da Iñarraren esanetan, plagintzaldi honetarako oinarri gisa baliatu dutena, "euskara normaltasun osoz erabil dadin erronka berriak identifikatzeko". Erronkak eta horiek gauzatzeko ekintzak jasotzen ditu udalbatzak aho batez onarturiko plangintzaldiak.