Diruzaintza Plana izango du Usurbilgo Udalak aurtengo, 2026ko ekitaldirako. Aho batez onartu zuen udalbatzak pasa den otsailaren 26ko osoko bilkuran. Azaroko saioan eginiko aurkezpen baten haritik dator erabaki hau, alkate Agurtzane Solaberrietak berak saio horretan jakinarazi zuenez. Izan ere, "azaroko plenoan aurkeztu genuen kontuhartzaileak egindako kontrol iraunkorrerako fiskalizazio txostena eta bertan emandako gomendioak betetze aldera, ekintza plan bat aurkeztu genuen". Ekintza horietako bat hain zuzen, "diruzaintzako plan bat osatzea eta onartzea" da. Izan ere, Udalaren arabera, "indarrean dagoen araudiak ezartzen duenaren arabera, toki-erakundeek urteko Diruzaintza Plana prestatu behar dute, diru-fluxuen plangintza egokia bermatzeko eta hornitzaileei ordaintzeko gehieneko epeak betetzen direla ziurtatzeko".
Udaleko diruzainak osatutako plangintza da hain zuzen, iragan asteko udalbatzaren osoko bilkurara eraman, aurkeztu, bozkatu eta udal ordezkarien erabateko babesarekin onarturikoa.
Diru-sarreren banaketa, urte osoko likidezia bermatzeko adinakoa
Bozkatu aurreko tartean, udal kontuhartzaileak eskaini zituen plan horren nondik norako nagusiak. Plan horren helburua hain zuzen, "diru-sarrera eta gastuen aurreikuspen eta kontrola" egitea izango da. "Aurreikuspen hori egiteko diruzainak 2025eko ekitaldia oinarri hartu du eta gero, 2026rako estimazioa egin du", udal kontuhartzaileak azkeneko osoko bilkuran azaldu zuenez.
Hortik, "plan horren baitan hileroko saldo bat ateratzen da", udalak izan behar lukeen diru likidoa. Hortik aurrera, "diruzainari egokituko zaio berak egindako planari hilero jarraipen bat ematea". Segimendu lan horretan, "plan honen baitan desbideratze nabarmen bat ikusiko balu, egoera hori gobernuari, udalbatzari jakinarazi eta horren zergatiak aztertu" beharko lirateke.
Plan horrek zehazten du noiz jasotzen dituen Udalak diru-sarrera nagusiak. Batetik, tasak eta zergak leudeke, "likidezia izateko urtean zehar banatuak". Horrekin batera, udal foru funtsa, otsailean jaso eta gerora hiru ordainketetan gauzatzen dena.
Beraz, "Udalaren diru-sarrerak banatuak daude urtean zehar" eta aski da, batez pertsonalgo gastuak ordaintzeko. Gastuei dagokienean, "zailena asmatzea da, inbertsioek zer martxa duten".
Horrekin guztiarekin, "diru-sarrera eta gastuen arteko hileroko saldo bat ateratzen da eta amaieran, Udalak berak estimatzen du likidoan duen diru kopuruarekin zer nolako likidezia presioa izan dezakeen". Gaurkoz, "ez da nabari inolako presiorik", udal kontuhartzaileak osoko bilkuran berri eman zuenez.