Martxoaren 8a, Korrika, Soinurbil edota greba orokorra, martxoko herri bizitzaren pizgarrien artean

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 4a

Zikloak nahiz mobilizazio egunak nagusituko dira estreinatu berri dugun hilabete honetan. Kirol hitzorduei dagokienean ere egun seinalatuak izango ditugu hilabete honetan.

Abiatu berri dugun martxoa bizi asko datorkigu aurtengoan ere, askotariko hitzorduekin. Hasteko, bi mobilizazio egun seinalatu izango ditugu; ate joka dugun Martxoaren 8a eta hilaren 17a. Lehenengoaren, Emakumeen Egunaren harira, Usurbilgo mugimendu feministak Udarregi ikastolan pankarta tailerrarekin edota kazerolada zein adierazpen irakurketarekin hasi eta asteburuan, herrira zabalduko dituen dinamikez osaturiko ekintzen zikloa prestatu du.

Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Emakumeon Etxean autodefentsa feminista tailerra antolatu dute; "Ordenaren kontra, desobedientzia feminista" solasaldia, poteo desobidentea, edota afari feminista girotua hilaren 7an; azkenik, manifestazioa, ekitaldia eta proiekzioa Martxoaren 8rako, iragan igandeko lilatoi osteko pintxo pote musikatuak abiarazitako zikloa borobiltzeko.

Greba orokorra eta 24. Korrika
Hilabete honetako bigarren mobilizazio egun seinalatua hilaren 17a izango da. LAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek askotariko eragileen babesarekin deitu duten greba orokorra antolatu dute Hego Euskal Herrian, baita honenbestez Usurbilen ere, "1.500 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata bat ezar dadin galdegiteko" eta hori hemen erabakitzeko. Halakoa du aldarria, "gutxieneko soldata hemen erabaki". Usurbilen herritarren batzordea osatua da greba eguna prestatzeko.

Egun seinalatuekin segita, lasterka bizian jarriko du Usurbil beste behin 24. Korrikak. Martxoaren 25ean sartuko da udalerri honetako lurretan, 13:30ak pasatxoan Zubietako hipodromotik. Zubieta, Santuenea, Kalezar, herri erdigunea eta Aginaga zeharkatuko ditu, ordubetez, Mapilen Oriokoek lekukoa hartu arte. Iragarriak dauden girotze dinamiken artean, Imanol Epelderen "spoken word-a, musika elektronikoa eta irudiak uztartzen dituen performance garaikidea" antolatu dute Udalak eta Korrika Batzordeak hilaren 26an. "Zerbait sartu zait begitan" izeneko emanaldirako sarrerak salgai dituzue jada.

Egun horien bueltan izango ditugun hileroko nahiz urteroko beste bi hitzordu ere programatu dira; hileroko azken larunbatetako kantu-jira eta NOAUA! K.E.-ren euskarazko film laburren emanaldi 23. Laburbira.

Erronka eta jaitsiera
Martxoko azken asteburu horretan izango da, bestalde, hilabete honi lotutako kirol hitzordu nagusietako bat; 2. Ibai-Ondo Backyard erronka Santuenean. Orduero 6,7 kilometroko ibilbidea osatzean datza ekimenak. Iaz, etenik gabe 41 orduz aritu zen erronka horren azken parte hartzailea.

Ekimen arrakastatsu horren bigarren edizioa egingo da hilabeteko azken larunbat goizetik hasita. Lehenago, larunbat honetan, hilaren 7an, 32. Oriaren Traineru Jaitsiera egingo da Aginagatik Oriora. Gogoa izan, Mapiletik eta Sarikolatik abiatuko dira Kantauri aldeko nahiz Mediterraneo aldetik heldutako lehiakideak. Errioan barrena egingo dute Oriora arteko 6 eta 4 kilometroko ibilbidea, hurrenez hurren.

Zikloak
Egun seinalatu horiez guztiez gain, martxoa bi ziklok zeharkatuko dute, garai beretsuan egingo dira biak. Batetik, Gure Pakea elkarteak antolaturiko Jubilatu Astea dugu, martxoaren 9tik 15era egingo dutena; jolasak, bazkariak edota hitzaldia programatu dituzte. Bestetik, Zumarte Musika Eskolaren 22. Soinurbil Musika Astea dugu, aurten, aste eta erdiko iraupena izango duena, asteazken honetan, martxoaren 4an hasi eta hilaren 15era arte hain zuzen. Askotariko formatudun hitzorduak tartekatuko dira ziklo horretan zehar. Hitzordu guztiek, ordea, musika izango dute ardatz noski.

Zumarteko kideen lanketa ezagutzeko aukera izango da hainbat saioetan, baina izango da baita, tailer nahiz kontzertu moduan, herritik kanpotik bisitan izango ditugun talde gehiago ere.

Ziklo horiei erantsi behar zaie, udal azpiegituretan egingo diren ekintza gehiago ere. Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Emakumeon Etxeak Arantxa Urretabizkaiaren liburu aurkezpena programatu du eta Sutegi udal liburutegiak ekintza gehiago; Yolanda Arrietaren "Txokolategia" mintzagai izango duen irakurketa solasaldia eta Lur Kortaren ipuin kontaketa saioa.

Asteotan egunez egun izango duguna web orrialde honetako "Agenda" atalean duzue. Sarrerak behar dituzten hitzorduetarako lekua usurbilkultura.eus plataforma bidez erreserba dezakezue.