EAJ-PNV: "Gure eredua argia da: haurreskola zerbitzuak publikoa, doakoa eta unibertsala izan behar du"

Erredakzioa 2026ko martxoaren 3a

Usurbilgo EAJ-PNV pozik agertu da Usurbilgo Haur Eskola zerbitzua Haurreskolen Partzuergo publikoan integratzeko hartu den erabakiarekin. "Talde jeltzaleak urte luzez egindako aldarrikapena errealitate bihurtuko da, eta datorren ikasturtetik aurrera 0-2 urteko zerbitzua publikoa, doakoa eta unibertsala izango da", prentsa-ohar bidez jakinarazi dutenez.

EAJren esanetan, "orain arte, Usurbil izan da Buruntzaldeko herri bakarra haurreskolako matrikula ordaindu behar izan duena. Egoera horrek, herriko familiak desabantailan kokatzen zituen eskualdeko gainerako herriekin alderatuta. Hemendik aurrera, desberdintasun hori amaitu egingo da, eta Usurbilgo familiek baldintza berdinetan izango dute sarbidea zerbitzu publikora".

Integrazio prozesuak egungo Haur Eskolako zazpi langileri Partzuergo sarean integratzeko aukera emango die." EAJ-PNVk hasieratik defendatu du prozesu hau langileen eskubideak errespetatuz eta lanpostuen egonkortasuna bermatuz egin behar zela. Konpromiso hori berresten dugu", eta erakunde bakoitzari dagokion ardura hartzeko eskatu dio alderdi jeltzaleak.

 

"Errealitateak erakutsi du borondate politikoa dagoenean zailtasunak gainditu daitezkeela"

 

EAJ-PNVk gogorarazi nahi du ekimen hau lehen aldiz aurkeztu zutenean, bai publikoki bai udal plenoan, “zenbaitek zalantzan jarri zutela prozesuaren bideragarritasuna. Are gehiago, publikoki adierazi zen ez zegoela bermerik eta ezinezkoa izango zela aurrera eramatea. Errealitateak ordea, erakutsi du borondate politikoa dagoenean zailtasunak gainditu daitezkeela".

Zentzu horretan, Usurbilek ezin zuen salbuespen bat izaten jarraitu. EAJ-PNVren esanetan, "ezin genuen onartu gure herriko familiek zerbitzu publiko eta unibertsal batengatik ordaintzen jarraitzea, inguruko herrietan doakoa den bitartean. Gure eredua argia da: haurreskola zerbitzuak publikoa, doakoa eta unibertsala izan behar du".

Usurbilgo EAJ-PNVk azpimarratu duenez, Haur Eskolakoa pauso erabakigarria da hezkuntza arloan berdintasunean sakontzeko. Are, “lanean jarraituko dugu Usurbil herri justuago baten alde eta kalitatezko hezkuntza eredua bermatzeko”.