#M8

Udarregi ikastolan ekingo diete gaur Martxoaren 8ko ekimenei

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 5a

Pankarta tailerra antolatu dute ostegun honetarako, martxoaren 5erako Udarregi ikastolan eta hitzordu gehiago biharamunean, Martxoaren 8ra begira.

Usurbilgo mugimendu feministak hainbat hitzordu deitu ditu egunotarako. Lehenengoak ostegun eta ostiral goiz honetarako, martxoaren 5erako eta 6rako hurrenez hurren, Udarregi ikastolan. 

Lehen ekintza, halere, iragan igandean, martxoaren lehenean egin zuten. Giro ederrean egin zen martxoaren lehenean, Donostian antolaturiko 36. Lilatoia. Gogoan izan, herriko 85 emakumeek parte hartu zuten, Martxoaren 8aren atariko lasterketa ezagunean. Giro eder horrek ekimenaren ostean ere Usurbilen bertan izan zuen segida. Emakumeon Etxetik iragarria zuten moduan, pintxo pote musikatua egin zuten Artzabalgo atarian. Giro eguzkitsua lagun, jan-edan goxoarekin, Anukek eta Elenek girotu zuten otordu tarte hau. Bertan izan ziren, Lilatoian parte harturiko hainbat herriko lasterkari.

Ekimena, Martxoaren 8ra begira Usurbilgo Mugimendu Feministak iragarritako deialdietako bat izan da, baina ez bakarra. Ostegun eta ostiral goizean, Udarregi ikastolan zenbait ekimen egingo dituzte. Emakumeon Etxean, bestalde, bi eguneko autodefentsa tailer feminista antolatu dute. Izena aurrez eman beharko da. Horrez gain, martxoaren 7an, solasaldi, poteo edota afari girotuarekin egunpasa iragarri dute. Azkenik, mobilizazio nagusia igande eguerdirako deitu dute, hilaren 8an bertan herrian barrena egingo den manifestazioarekin. Amaieran ekitaldia egingo da. 

Martxoaren 8a Usurbilen
Martxoak 5, osteguna
10:20 Pankarta tailerra Udarregi ikastolan.

Martxoak 6, ostirala
08:25 Udarregiko erdiko aretoan kazerolada eta irakurketa.
10:20 Udarregiko zelai urdinean eta zezen plazan, patxanga feminista.
17:00-20:30 Autodefentsa feminista tailerra Emakumeen Etxean. Maitena Monroyk bideraturikoa.
Izen-ematea: emakumeonetxea@usurbil.eus / 943 377 112.

Martxoak 7, larunbata
10:00-14:30 Autodefentsa feminista tailerra Emakumeen Etxean.
18:00 "Ordenaren kontra, desobedientzia feminista" solasaldia Potxoenean.
19:00 Poteo desobedientea frontoitik.
21:00 Afari feminista autogestionatua Askatasuna plazan. Bingo musikatua.
Jarraian, pintxada kolektiboa.

Martxoak 8, igandea
12:30 "Beste mundu bat feminismotik" manifestazioa Mikel Laboa plazatik. Amaieran, ekitaldia.
17:30 Proiekzioa Emakumeen Etxean.

Antolatzailea: Usurbilgo Mugimendu Feminista.