Dolua hizpide duen "Aitatxo" antzezlanean parte hartzen ari da Alex Tello

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 5a

Antzezlana, Usurbildik gertuen, ostegun honetan, martxoaren 5ean ikusteko aukera izango da, Hernaniko Biteri kultur-etxean hain zuzen.

Dolua mintzagai duen "Aitatxo" izeneko antzezlanean parte hartzen ari da Alex Tello herrikidea, azkenaldi honetan. Anakotz Lasartek sortutakoa da gidoia, Telmo Irureta da sorkuntza lan horren zuzendaria. Tellorekin batera, Unax Uralde da obrako beste antzezlea. Usurbildik gertuen, ostegun honetan bertan, martxoaren 5ean, ikusgai izango duzue "Aitatxo", arratsaldeko 19:00etan Hernaniko Biteri kultur-etxean. Emanaldirako sarrerak kultura.hernani.eus plataforman eskura daitezke.

Antzezlana izen bereko dokumentalean oinarritua dago. "Aitatxo dokumentalak seme/alaba baten galeraren dolua azaltzen du aitaren begiradatik. Seme-alabaren bat galdu duten lau aiten testigantzaren bitartez, dokumental honek aiten sufrimendua eta dolu eskubidea plazaratzen ditu. Bakoitzak egoera honi nola aurre egin dion azalduko da dokumentalean. Gizarteak duen genero begirada apurtuz. Ama gutxietsi gabe aitei hitza emanez horrelako egoeren aurrean, esperantza mezu bat zabalduz". Informazio gehiago esteka honetan duzue: https://aitatxodokumentala.eus/

Antzezlana ere "benetako gertaera batean oinarrituta dago. Bi haur hil ziren familia baten istorioa jasotzen du. Aitak, hildako seme horrekin izandako elkarrizketen bidez, dolua, maitasuna eta bizitzarekin aurrera jarraitzeko indarra erakusten dizkigu. Dolua, onarpena, bizitzaren errealitatea. Bizitza datorren bezala onartzea".