Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta saretzea dute helburu "Salto!" izeneko udalekuek. Usurbilgo udalerria kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) beste urte batez, aisialdiko ekimen ibiltari hau antolatu du uda hasierarako. Zehazkiago esanda, bi txanda antolatu ditu; lehenengoa, ekainaren 23tik uztailaren 1era eta bigarrena, uztailaren 3tik 11ra. 2008 eta 2011 urte artean jaiotako gazteek izango dute parte hartzeko aukera. 120 lagunentzako tokia egongo da, txanda bakoitzean 60 lagunek parte hartu ahalko dute.
Aipatu moduan, udaleku ibiltariak izango dira. Edizio hau, Bizkaian barrena egingo da; "Markina-Xemeinen hasi eta, Aulesti eta Berriatua zeharkatu ondoren, Ondarroara iritsiko dira gazteak". Udalerrion arteko bidea oinez egingo dute parte hartzaileek. Herri bakoitzean bi gau igaroko dituzte. Egun horietan zehar, hainbat ekintzetan parte hartzeko aukera izango dute; hala nola, "herriz herriko mendi-ibilbideak, kantaldiak, kontzertuak, tailerrak..." egingo dituzte, baita, "jolasak, solasak, hausnarketak...". Horien bidez, laguntasun harremanak eraiki eta horietan sakontzeko tartea ere izango dute. Antolatzaileek gogorarazi moduan, parekidetasuna, aniztasunarekiko errespetua, naturzaletasuna, parte hartzea... gisa horretako balioetan oinarrituriko udalekua da.
UEMA-ren arabera, "hezkuntza arautuaren mugetatik kanpo, gazteen aisialdian ere eragin" nahi dute ekimen honekin. "Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatzea eta saretzea lortu nahi da udaleku hauekin", UEMA-ren esanetan.
Ekimen hau, "Hedatu hezkuntza proiektua" egitasmoaren testuinguruan antolatua du UEMA-k. "Ikastetxeetan ere ari dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, LHko, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. Udalerri euskaldunak eta arnasguneak giltzarriak direla nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain". Aipatu egitasmoa gehiago garatzeko, "hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin".
Izen-ematea eta informazio gehiagorako:
943 816 699
administrazioa@uema.eus
uema.eusEskuorria eta galdetegia