Egunotako barealdia amaitzear da. Ostegun gauerdi honetatik aurrera abisu horian izango gara prezipitazio iraunkorragatik. Hala ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. Abisu hori indarrean izango da bihar egun osoz. "Kantauri isurialdeako zenbait lekutan 24 orduan 60 l/m² baino gehiago pila daiteke. Zaparrada ertainak sarri egingo ditu eta oso ugariak izango dira", ohartarazi du Euskalmet-ek.
Giro honekin, Usurbilen, ostegun honetan, martxoaren 5ean, "eguerdian hodeiak ugarituz joango dira, zerua oso hodeitsu geratuko da eta arratsalde-gau partean zaparrada batzuk egingo ditu. Hego-haizea ibiliko da, bolada gogorrekin; eguerdian ipar-mendebaldera aldatuko da. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da".
Ostiralean, hilaren 6an, "zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparradak botako ditu. Ekaitzak jo lezake. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira, maximoak nabarmen jaitsiko dira".
Larunbatean egun argiagoa izango dugu. "Zerua oso hodeitsu egongo da eta noizbehinka euria egingo du; arratsaldean atertzera egingo du eta ostarteak zabalduko dira. Egunaren bigarren partean ekialdeko haizea ibiliko da, amaieran hego-ekialdekoa nagusi. Tenperatura minimoak gutxi jaitsi eta maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".
Informazio eguneratua, euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.