Prezipitazio iraunkorragatik abisu horian gara gauerdiaz geroztik eta hala segiko dugu ostiral honetan, martxoaren 6an, egun osoz ere. Ohartarazpen horren indarraldia gauerdira artekoa izango zela iragarria bazegoen ere, larunbat goizaldeko 6:00ak arte luzatuko dela jakinarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.
Honenbestez, larunbat goizaldeko 6:00ak arte abisu horian izango gara prezipitazio iraunkorragatik. Ordura arte, "Kantauri isurialdeako zenbait lekutan 24 orduan 60 l/m² baino gehiago pila daiteke. Zaparrada ertainak sarri egingo ditu eta ugariak izango dira. Ekialdetik mendebaldera atertuko du".
Astebururako iragarpena
Giro honekin, honenbestez, ostiral honetan, martxoaren 6an Usurbilen, "zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparradak sarri botako ditu. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura maximoak nabarmen jaitsiko dira".
Larunbatean, hilaren 7an, "zerua oso hodeitsu egongo da eta noizbehinka euria egingo du. Egunaren lehen partean mendebaldeko haizea ibiliko da, amaieran hego-ekialdekoa. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira, maximoak nahikoa igoko dira".
Igandean, martxoaren 8an, "zerua oso hodeitsu egongo da eta noizbehinka euria egin dezake. Hego-haizea nagusi. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira, maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".
Informazio eguneratua, euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.