24. Korrika

Korrika laguntzeko elkartasun azoka datorren astean, Udarregiko LH6-koen eskutik

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 6a

Aurreko bi edizioetan egin bezalaxe, gure artera badatorren 24. Korrika laguntzeko elkartasun azoka antolatu dute Udarregi ikastolako LH 6. mailako ikasleek datorren astelehenetik, martxoaren 9tik 13ra.

Korrika, besteak beste, elkartasun lasterketa bat ere bada. Izan ere, ekimenean bertan lekukoa eramatearen truke, nahiz materiala erosiz... bildutako laguntza Euskal Herri osoko gau-eskoletara eta euskaltegietara bideratzen du AEK-k.

Horregatik, hamaika dinamika antolatu ohi dira Euskal Herri luze zabalean, Korrika laguntzeko. Horietako baten berri dakarkizuegu lerrootan; hirugarren aldiz, Udarregi ikastolako LH 6. mailako ikasleek antolaturiko elkartasun azoka. Datorren asterako iragarri dute, martxoaren 9tik 13ra, arratsalde partean, 16:20-16:40 artean Udarregi ikastolak Agerialde eraikinean duen frontoian.

Hedabide honi berri eman diotenez, produktuok izango dituzte salgai: 24. Korrikarako dortsalak, etxean egindako gozoak, tokiko produktuez hornituriko otar ederra nahiz sorpresak zozketatzeko errifak, "Ni Naiz"-eko motxilak, karterak, belarritako txikiak eta handiak...

Laguntza bilketa honek xede nagusia izango du; LH6koek datorren 24. Korrikako kilometro bat erostea eta, kilometro hori eskuratuta, bertan parte hartu ahal izatea noski, lekuko preziatua hartuta. "Lortutako dirua AEKri emango diogu, euskara bultzatzen laguntzeko", iragarri dute ikasleok.

Elkartasun proiektuak lantzen dihardute maila horretako ikasleek azken urteotan. Korrika lagunduko dute hirugarren urtez, baina iaz, esaterako DYA lagundu zuten azoka bidez. Lehenago, 2023an, Nepalgo emakumeen bizi-baldintzak hobetzen lanean diharduen Gobernuz Kanpoko Erakunde Nepaldala.



24. Korrika
Iraupena: 2026ko martxoaren 19tik 29ra.
Aldarria: "Euskara gara".
Abiapuntua: Atharratzen, 2026ko martxoaren 19an.
Helmuga: Bilbon, 2026ko martxoaren 29an.
Mezua:
Euskara-herria naiz, bizitzeko era, izateko modua.
Suaren antzekoa naiz: beti bera, beti berri.

Ongi etorri nire etxera, gure etxera.
Iraganetik gaur egunera, ateak beti zabalik ditugun babesgunera.

Zu eta ni euskara gara. Bat gara.
Miloi bat euskaldun gara, eta gehiago izango gara.
Biziberritzen den komunitate aske eta irekia gara,
elkarrekin sortuko dugun etorkizuna.
Alderik alde zeharkatuko dugun Euskal Herria gara.

Eman hitza, eta eman pauso, erdigunean jartzeko aniztasuna eta elkar zaintzea.
Eman pausoa, eta aktibatu, lehen lerroan nahi dugu helduen euskalduntzea.
Guztiok gara ezinbesteko. Pertsona bakoitzak du balioa; hiztun bakoitzak, garrantzia.
Euskaltegian izena eman dugunok, euskara lehen hizkuntza dugunok, kanpotik etorri garenok,
euskaraz, Euskal Herrian, ikasi eta bizi nahi dugunok...
Guztiok herri bat gara. Euskara gara.

Aditu Korrikaren deiadarra.
Izan gaitezen dardara, izan gaitezen indarra.
Piztu da Korrikaren garra!…


Parte hartzeko bideak:
1-Herri batzordeetan parte hartuta.
2-Diru ekarpenak eginda:
-Korrika Laguntzaile izanda edota 24. Korrikaren materiala erosita.
-Korrikalarien peto edo bizkarrekoa erosita.
-Korrikaren kontu korronteotan diru ekarpenak eginda:
Hegoaldean: ES70 3035 0072 02 0720037810
Iparraldean: FR76 1333 5000 4008 9291 5827 532 (eurotan), 218371601 (euskotan).
-BIZUM edo txartel bidez "korrika" edo "aek" bilatuta, baita korrika.eus atariko "Nola parte hartu" atalean ere.
-Lekukoa eramanda senide edota lagunekin, elkartekideekin... dagokion ekarpena eginda.
3-Korrikaren berri eman eta haren ospea hedatuz:
-Korrika Kulturalaren ekitaldietan parte hartuta.
-Korrika.eus webgunea edota haren sare sozialetan parte hartuta.
4-Korrikan parte hartuta:
-Hasieran eta amaieran.
-Bizkarrekoa jantzita korrika eginez; "euskara ikasi, hitz egin eta euskaraz bizi nahi dugula erakusteko".
5-Enpresa eta saltokiek:
-24. Korrika iragartzeko euskarriak babestuta.
-Korrikalaria eskuratuz zein Korrika Lagun izanez.
-Kilometroak eskuratuz. Parte hartzeko modu hau erabili nahi dutenek Korrikaren bulegoetara jo dezakete otsailaren 1etik aurrera.

Informazio gehiago:
korrika.eus

Antolatzailea: AEK.