Zainketak: eskubide guztiak, pertsona guztientzat
Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, OPA Herri Plataformetatik gure kezka eta eskaerak helarazten dizkizuegu administrazioek beren adinekoei eta mendekotasuna duten pertsonei zor dizkieten zainketei buruz, eta, aldi berean, zerbitzuen pribatizazioa eta sektoreko langile profesionalek jasaten dituzten baldintzak salatzen ditugu, % 98 emakumeak Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzuan (aurrerantzean ELZ).
Zerbitzuak ez dira berdinak EAEko herritar guztientzat. Guztia aldundien eta udalerrien esku dagoelarik, Bizkaiko ELZ-k hitzarmen probintziala du, eta Gipuzkoako ELZ aldiz udalerri bakoitzean negoziatzen da. Zerbitzuen estalduraren zifrak, artatutako adineko edota mendeko pertsonak, eta soldatak/lan-baldintzak oso desberdinak dira herrialde batetik bestera. Itxaronaldi luzeak ematen dira gizarte-zerbitzuetan hitzordua eta mendekotasun-balorazioak lortu aurretik. Mendekotasun motaren araberako arreta ere ez da berdin iristen. Lurralde batzuek zahartasunari erantzuten diote, beste batzuek zahartasun eta mendekotasunari; lurralde batzuetan, gainera, langile profesionalak kontratatzeko laguntzak ematen dizkiete erabiltzaileei. Ezin digute esan eskariak gainezka egin dienik, dena pribatizatu baitute, bai bata zein bestea.
EGOITZETAN (% 91 kudeaketa pribatua), langileak gaixotzen dituzten eta egoiliarrengan arretarik eza eragiten duten ezinezko ratioak ematen dira. Datua: egindako balorazioaren arabera, egunean 5 ordu/300 minutuko arreta behar duen erabiltzaile batentzat, 60 minutu ematen dira Bizkaian, 87 minutu Araban eta 90 minutu Gipuzkoan. Hilean, bataz beste, 3000 €-ko kostu itogarri batean.
Udal ELZetan PRIBATIZAZIO bera gertatzen da. Zerbitzuen, kalitatearen eta koordainketaren xehetasunetan, zerbitzuen esleipendun diren enpresa eta udalerri adina egoera desberdin egongo dira. Zerbitzua emateko ezarri den koordainketak eragin zuzena du erabiltzaileek "ordain dezaketen" arreta-orduen kopuruan, eta hori, zerbitzuaren oinarria bera urratzen duen oztopo ekonomikoa da. ELZ-ko profesionalek prekarietate-baldintzak jasaten dituzte. Nekez izango dute lanaldi oso bat, goizeko 8etatik (edo lehenago, egoeraren arabera) gaueko 22etara "lanerako prest" egon behar dutenean eta prestutasun hau ordaintzen ez delarik.
Laguntza tekniko gutxi izango dute etxeetan, eta ondorioz, hezurretako, artikulazioetako eta muskuluetako minen kasuistika garrantzitsua, beren hitzetan "dopatuta" lan egitera behartzen dituelarik. Mutuek ez dituzte min eta ondoez hauek laneko gaixotasuntzat aitortzen. ELZk artatutako etxeetan ez da lan-arriskuen prebentzioa betetzen ari, baina zerbitzu horiek partikularrek kontratatzen dituztenean horiek bermatzea galdegiten da. Zergatik dira soilik herritar partikularrak arau hau bete behar dutenak?
Bada beste arazo handi bat BARNE ERREGIMENEKO ZAINKETEN inguruan. Gehienbat emakume etorkinengandik artatuak dira eta, kontratua dutenean, etxeko langile gisa agertzen dira legeari iruzur eginez. Oso litekeena da gehienek kontraturik ez izatea, atzerritarrei buruzko legeak ez duelako horretarako aukerarik ematen. Ikusezin bihurtzen dituen linbo existentzial batean daude, sasi esklabutza egoeran 24 orduz lanerako prest eta atseden eskasarekin. Asko dira, eta duela urte asko daude hemen, baina ez dira erroldatuta egon. Premiazkoa da eskubideak eta bizi-kalitatea bermatzea!
Lan-baldintzek eta langile bezala duten errekonozimendu ezak, administrazio prozesu amaigabe eta itxaron-zerrendek, koordainketek eta egoitzetako ordainsari tamalgarriek, larriki eragiten diote euren OSASUN MENTALARI, ez bakarrik fisikoari.
Gure Gobernuari eskatzen diogu utz diezaiola zainketa-kontuetan beste aldera begiratzeari, berma diezaietela gure adinekoei beharrezko dituzten bitarteko eta arreta osoa, merezi duten errespetu guztia, eta horretarako ezinbesteko diren baliabide administratibo eta pertsonalak bermatzea, pentsio duinak barne. Izan ere orain, beraiek izan eta egin zutena gara.
Jar zaitezte behingoz legegintzan, erakunde eta enpresa pribatuen esku dauden zerbitzu horiek publiko egiten, kalitatezko zainketa publiko duinak eskaintzeko! Berma ezazue, behingoz, EAEko herritar guztiek eskubide berberak izatea! Adineko eta mendekoak pentsio duinekin ondo zainduta egotea, gure zaintzaileak ondo prestatuta, ordainduta, lan-baldintza duinekin eta gaixotasun profesionalak aitortuak izatea. Honek guztiak ekarriko du, egiazki, bidezko gizarte aurrerakoia. Ez du balio soilik ahoa promesez betetzeak, nahiz eta behin eta berriro errepikatu, herritarrek ez zaituztegu sinesten! Sinetsiko dugu, gaur helarazten dizkizuegun puntu eta eskaera bakoitzean benetako lan-borondatea ikusten dugunean, eta zaintza-sektorearen benetako beharrak bermatuko dituen aurrekontuak zuzentzen direnean.