#M8

"Beste mundu bat feminismotik"

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 8a

"Beste mundu bat" aldarrikatu dute, feminismotik, martxoaren 8 honetan herrian barrena. Usurbilgo mugimendu feministak deituta, manifestazio jendetsua egin da igande eguerdi honetan.

Feminismotik beste mundu bat eraikitzen jarraitzeko nahia eta beharra plazaratu du Usurbilgo mugimendu feministak igande honetan, martxoaren 8an, herrian barrena antolaturiko manifestazio jendetsuaren bidez. Mikel Laboa plazan hasi eta amaitu da mobilizazioa. Tartean, Artzabal, Ugartondo, Kalezar eta herri erdiguneko kaleak zeharkatu dituzte manifestariek. Haietako batek baino gehiagok zeraman buruko, lepoko, kamiseta edota bestelako more koloreko arropa edo osagairen bat.

Bidean zehar zenbait geldiune egin dituzte, urgentziazkoak izan eta oraindik bideratzeke dauden hainbat aldarriei leku egiteko. Hala, Ugartondon, belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa den Txirikorda atarian geratu dira. Globo morez girotutako eraikin atarian esekia zuten "etxebizitza eskubidea da. Ez negozioa" gogorarazi duen leloa.

Bigarren geldialdia, handik gertu egin dute, Kalezarko Egurtzegin, zaintzadun etxebizitzen auzunean, "zaindu ditzagun zaintzaileak" oihukatu eta zaintza sistema publikoa aldarrikatzen ari ziren artean. Pareko bidea hainbat aldarriz josia zen. Hala, euskal gehiengo sindikalak martxoaren 17rako deitutako Lanbidearteko Gutxieneko Soldata 1.500 eurokoa izan eta ordainsariak hemen erabakitzea exijitzeko deitua duten greba orokorrari begirako hainbat aldarri zeuden esekiak. Hala, gogorarazi nahi izan dutenez, "martxoaren 17ko greba, justizia feministaren aldeko greba ere bada!", zioen karteletako batek.

Egurtzegi parean jarritako beste euskarrietako batean irakur zitekeenez, "emakumeen lanek eta soldatek balio sozial eta ekonomiko txikiagoa dute, bereziki zaintzaren sektorean". Datuetan azaldu nahi izan dute errealitate hori. "Gutxieneko soldata jasotzen duten langileen ia bi herenak emakumeak dira", baita zaintza lanetarako eszedentzia gehien eskatzen dutenak ere; "seme-alabak zaintzeko eszedentzien %87 eta beste senide batzuk zaintzeko eszedentzien %72" emakumeek eskatutakoak dira.

Testuinguru horretan, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata 1.500 eurokoa exijitu dute baita.

"Erasorik ez, erantzunik gabe"
Geltoki gehiago ere egin dituzte, hurrengoa, Kalezarko erdiguneko plazan, Pelaioenean egoitza duen Usurbilgo Emakumeon Etxearen atarian hain zuzen. Euskal Herriko Gazte Feministekin bat eginez, "ordenaren kontra, desobedientzia feminista" zioen pankarta eseki dute, "erasorik ez, erantzunik gabe" oihukatzen zuten artean.

Horiek, manifestazioaren ibilbidean zehar tartekatu dituzten aldarriak, baina gehiago ere ozen asko oihukatu dituzte. Borroka feminista goratu dute hainbat alditan. Beste mundu bat feminismotik eraikitzeko nahia eta beharra plazaratu dute, helmugara iritsi artean.