Kalera ateratzeko arrazoiak soberan dituela gogorazi du Usurbilgo mugimendu feministak, igande honetan, martxoaren 8an herrian barrena antolaturiko manifestazio amaieran, Mikel Laboa plazan irakurritako adierazpenaren bidez. Izan ere, "munduaren luze-zabalean gerra, desberdinkeria eta askotariko indarkeriak nagusi diren testuinguru bete-betean iritsi gara beste urte batez, martxoaren 8ra".
Hona hemen, Mikel Laboa plazan zirenekin partekatu duten adierazpena bere osotasunean:
Martxoak 8
Munduaren luze-zabalean gerra, desberdinkeria eta askotariko indarkeriak nagusi diren testuinguru bete-betean iritsi gara beste urte batez, martxoaren 8ra, eta, urtero bezala, Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideok arrazoiak soberan ditugu kalera ateratzeko. Gure herri eta auzoetan ere lurreratzen baitira indarkeria horiek guztiak.
Lehenik eta behin, gogora ekarri nahi dugu, duela astebete, Sarrigurenen gizon batek eraildako emakumea, Tatiana, eta larri zauritutako beste emakumeari ere ahalik eta azkarren osatzeko indarra bidaltzen diogu. Ez zaituztegu bakarrik utziko!
Era berean, elkartasun eta babes besarkada bana bidali nahi diegu munduko hamaika txokotan erresistentzian eta borrokan dabiltzan feministei; Palestina, Venezuela, Sahara, Kurdistan... zuekin gaude. Gora borroka internazionalista!
Deriba, desesperazioa eta beldurra ezartzen ari dira munduan. Horrek immobilizaziorako joera indartu dezake. Baina guk aspaldi ikasi genuen, kolpatzen gaituen sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonial eta arrazistak ezarritako estrategien ondorioa baino ez direla eta ez garela etxean geratuko batzuek nahi luketen moduan, isilik eta otzanduta.
Sistema honek askotariko zapalkuntzak betikotzeko egiturak martxan mantentzen ditu, gorputz eta herrialde bakoitzean lur hartzen dutenak modu batean edo bestean. Baina desberdinkeria handiagotzen ari den garaiotan, zapaldutakoak are zapalduagoak dira eta boteretsuak are boteretsuagoak. Argi ikus daiteke nortzuk duten etxebizitzarako sarbidea eta nortzuk ez, nortzuk ari diren baloratuak ez diren lanetan eta nortzuk ez, nortzuk diharduten lan prekarizatuenetan, nortzuk diren hainbat eskubideen jabe eta nortzuk ez... Azken finean, nor kolpatzen duen geroz eta gehiago sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonialista eta arrazistak.
Azken urteetan, asko izan dira Euskal Herriko Mugimendu Feministatik martxan jarritako borrokak: indarkeria matxistaren aurkako protokoloak, espazio seguruak sortzeko ahaleginak, zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko Greba Feminista Orokorra, tokian tokiko problematikei aurre egiteko dinamikak (lantokietan, jai batzordeetan, kaleetan)... Eta urratsak egiten ari bagara ere, oraindik asko dugu egiteko, baina batez ere asko dute egiteko. Haiek bai!!; instituzioek... patronalek.... gizonek.... sistema hau betikotzen dutenek. Urgentziaz diogu: HARTU DAGOKIZUEN ARDURA!
Horrekin batera, egiturak sostengatzen dituzten horiek berek, feminismotik eraikitzen ari garen diskurtso eta proposamenak bereganatzen dituztela salatu nahi dugu, itxurakeria hutserako, edo are larriagoa dena, feminismoaren aitzakiapean bestelako neurri eta diskurtsoak zabaltzen dituzte. Arrazakeria, esaterako. Hori horrela, feminista zurioi, horrekiko ardurak hartzea eta diskurtso horiek salatzea eta moztea dagokigu. Ez dago erdibiderik.
Martxoaren 8an kalera atera gara, feminismotik langile klasearen alde borrokatzera, baina martxoan baditugu borrokarako beste data ugari, eta horietan denetan parte hartzeko deia egiten dugu, arduraz eta indarrez.
Lehena, martxoaren 17a, sindikatuek deituriko Greba Orokorra. Feministok asko dugu esateko 2023ko Greba Feminista Orokorrean ezarritako mugarri eta aldarrietatik. Ondoren, martxoaren 21a, arrazakeriaren kontrako eguna, zuriok asko dugu egiteko oraindik dugun boteretik desplazatzeko eta arrazakeriak suposatzen duen indarkeriarekin mozteko.
Hurrena, martxoaren 30a izango da, Etxeko eta zaintza langileen eguna; zaintza lanak prekaritatearen, emakumearen eta arrazakeriaren sinonimo dira egun. Zaintza kate globalean dugun lekuaz jabetu eta horrekiko ardurak hartzeko unea da, zaintza sistema publiko bat aldarrikatzearekin batera eta pribatizazioarekin amaitzeko eskatzearekin batera.
Eta, azkenik, martxoaren 31, trans ikusgarritasunaren eguna; trans pertsonen eskubideen alde kalera ateratzeko eguna. Trans gorputzak ere sistemak jo puntuan dituen gorputzak dira, baina ez dira soilik gorputz zapalduak, alternatiba dira eta hori aldarrikatzera aterako gara.
Askotariko mugimenduetatik gabiltza eragiten, baina, guk argi dugu ez dugula feminismorik eta antiarrazismorik gabeko mugimendurik nahi, ezta mundurik ere. Horrexegatik diogu BESTE MUNDU BAT FEMINISMOTIK. Eta hori lortzeko antolakuntza eta borroka dira gure armarik indartsuenak.
Emakume*, trans eta bollerak kaleak hartzeko prest gaude! Eraiki ditzagun aliantzak, nork bere lekutik. Eraiki ditzagun sare sendoak. Askotariko zapalkuntzen bitartez sostengatzen den sistema honi erantzun diezaiogun askotariko gorputz eta borroketatik. Antolatzen jarraituko dugu, herriz herri eta auzoz auzo; asanbladetan, lantokietan, ikastetxeetan, gaztetxeetan, kaleetan... Aurrean izango gaituzue!
GORA BORROKA FEMINISTA!
GORA EUSKAL HERRIKO MUGIMENDU FEMINISTA!