24. Korrika badator! Atzerako kontaketaren azken txanpan sartzera goaz. Martxoaren 19an abiatuko da Zuberoako Atharratzetik eta hilaren 29an helmugaratuko da Bizkaiko hiriburuan. Usurbilen, hilaren 25ean helduko da, 13:30ak pasatxoan Zubietako hipodromoko zubi aldetik. Zubieta, Santuenea, Bizkarre, Kalezar, herri erdigunea eta Aginaga zeharkatuko ditu, 14:45 pasatxoan lekukoa Oriokoen esku utzi arte.
Ohi bezala, ekimen hau girotzeko lehen hitzorduak finkatu dira herrian egunotarako. Udarregi ikastolako LH 6. mailako ikasleek euskararen aldeko lasterketa jendetsuena laguntzeko elkartasun azoka antolatu dute martxoaren 9tik 13ra Agerialdeko frontoian.
Horrez gain, herria girotzeko urtarrila amaieran osaturiko Korrika Batzordeak bertso tailerra eta saioa antolatu ditu hilaren 12an Potxoenean. Bertsogintzan trebatu eta Aitor Agirre, Uxue Fernandez eta Antton Fernandezen saioaz gozatzeko aukera izango da.
Biharamunean, hilaren 13an itxiko dute bestalde, Atharratzera joateko autobus zerbitzuan izena emateko epealdia. Izan ere, oraingo honetan, Hego Euskal Herrian jaieguna dela hasiko da 24. Korrika Zuberoako Atharratzetik. Hilaren 19an izango da. Hasierako festa horretara joan eta handik itzultzeko autobus zerbitzua antolatu dute aipatu moduan, Usurbilgo eta Lasarte-Oriako AEK euskaltegiek.
Azkenik, 24. Korrika igaroko den egunaren biharamunerako Imanol Epelderen "Zerbait sartu zait begian" ikuskizuna antolatu dute Korrika Batzordeak eta Usurbilgo Udalak Sutegiko auditorioan.
24. Korrika
Martxoak 9-13, astelehenetik ostiralera
16:20-16:40 24. Korrika laguntzeko Udarregi ikastolako LH6-koen elkartasun azoka Agerialdeko frontoian.
Salgai izango dituzten produktuak: 24. Korrikarako dortsalak, tokiko produktuez hornituriko otar ederra nahiz sorpresak zozketatzeko errifak, "Ni Naiz"-eko motxilak, karterak, belarritako txikiak eta handiak...
Martxoak 12, osteguna
18:00-20:00 Bertso tailerra, saioa Potxoenean eta mokadua gero, Andazpe elkartean.
Zehaztasunak: datorren 24. Korrika girotzen hasteko bertso tailerra antolatu du Korrika Batzordeak. Tailerra eta bertso saioa egingo da. Ondoren, Andazpen mokadutxoa dastatzeko aukera izango da.
Parte hartuko duten bertsolariak: Aitor Agirre, Uxue Fernandez eta Antton Fernandez.
Gai-jartzailea: Onintza Gartzia.
Antolatzailea: Korrika Batzordea.
Martxoak 15, igandea
17:00 Korrika girotzeko ekintzak Santueneako frontoian: auzoa apaindu, Korrikako bingoa, dantza... Martxoaren 25ean, lekukoa eraman nahi duten Santuenea K.E.-ko bazkideek izena eman dezakete bideotatik, martxoaren 17a baino lehen: 621 09 56 44, santueneake@gmail.com. Izena emandakoen artean zozketa egingo dute.
Antolatzailea: Santuenea K.E.
Martxoaren 16ra arte
NOAUA! K.E.-ren izenean 24. Korrikaren lekukoa eraman nahi duten bazkideentzako izen-emateko deialdia, bideotatik: 943 360 321 / elkartea@noaua.eus . Hilaren 16an, izena emandakoen artean bat hautatuko dugu.
Martxoak 19, osteguna
24. Korrika Zuberoako Atharratzetik abiatuko da martxoaren 19an. Korrikaren hasiera festara joateko autobus zerbitzua.
Abiatzeko ordua: 08:00etan Usurbilen, 8:15ean Lasarte-Orian.
Itzulerako ordua: 17:30etan Atharratzetik abiatu.
Izen-ematea: txartelak 17 eurotan euskaltegietan, martxoaren 13ra arte.
Antolatzailea: Usurbilgo Etumeta AEK eta Lasarte-Oriako Muntteri AEK euskaltegiak.
Martxoak 24, asteartea
Arratsaldez, Korrika Txikia Udarregi ikastolan.
Martxoak 25, asteazkena
Egun osoan zehar, Udarregin Korrika Festa.
13:37-14:47 24. Korrika Usurbildik.
Hasiera: Zubietako hipodromoko zubia (1784. kilometroa).
Amaiera: Aginagako Mapil ingurua (1.794 kilometroa).
Distantzia: 11 kilometro.
17:00 Frontoian txokolatea eta bizkotxoak.
Arratsaldean, Korrika Txikia Zubietan.
Martxoak 26, osteguna
19:00 Imanol Epelderen "Zerbait sartu zait begian" Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: ""ZERBAIT SARTU ZAIT BEGIAN spoken word-a, musika elektronikoa eta irudiak uztartzen dituen performance garaikidea da. Bizimoduaren abiadura, naturarekiko deskonexioa, zoriontasunaren bilaketa amaigabea, maskulinitatea eta euskara umorez nahasten ditu, publikoa hunkituz eta hausnarrera eramanez.. Eszenan artista bakarra, pantaila eta musika... Garai aldakor hauek bizitzeko modua da asmatu ezin duguna. Umorez eta irmotasunez, garai hauek kantatzera eta kontatzera datorren jendaurrekoa da ZERBAIT SARTU ZAIT BEGIAN".
Sarrerak: 6 eurotan, usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzaileak: Usurbilgo Korrika Batzordea eta Usurbilgo Udala.
Martxoak 28, larunbata
12:00 Korrikari eskainitako kantu-jira, Mikel Laboa plazatik abiatuta.
Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.
Martxoak 29, igandea
18:00 23. Laburbira Sutegin.
Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.
Oharra: petoak salgai Etumeta AEK euskaltegian eta Udarregiko azokan. Eskuratu agortu baino lehen.