Postuak egokitu orduko hasi dira joan-etorriak eta erosketak. Mugimendu bizia eragin du aste hasiera honetatik, Udarregi ikastolako LH 6. mailako ikasleek Agerialdeko frontoian egokituriko elkartasun azokak. Eskaintza lehenago agortzen ez bazaie behintzat, izatez ostiralera arte, martxoaren 13ra arte izango dira aipatu eremuan, arratsaldero, 16:20-16:40 artean.
Azoka solidario horrek xede nagusia izango du, badatorkigun 24. Korrika eta haren antolatzaile AEK laguntzea. Izan ere, laguntza bildu nahi dute euskararen aldeko lasterketa erraldoienean zuzenean parte hartzeko. Kilometro bat erosi eta tarte horretan, hilaren 25ean lekukoa eramateko laguntza biltzen ari dira. Jasotakoa, AEK-ri helaraziko diote aurreko edizioetan egin izan duten moduan. Izan ere, Korrika lagunduko dute hirugarren urtez, baina iaz, esaterako DYA lagundu zuten azoka bidez. Lehenago, 2023an, Nepalgo emakumeen bizi-baldintzak hobetzen lanean diharduen Gobernuz Kanpoko Erakunde Nepaldala.
Aurtengo elkartasun azokara itzulita, ekimena postu ezberdinetan egituratua dute; batean gozogintzako produktuak ari dira saltzen egunotan, bestean, Korrikarako petoak eta bestean, karterak, belarritako txikiak eta handiak... Tokiko produktuez hornituriko otar ederra nahiz sorpresak zozketatzeko errifak ere eskuragarri jartzeko asmotan zirela jakinarazia diote LH6koek hedabide honi.
"Lortutako dirua AEKri emango diogu, euskara bultzatzen laguntzeko", iragarri dute ikasleok.
24. Korrika
Iraupena: 2026ko martxoaren 19tik 29ra.
Aldarria: "Euskara gara".
Abiapuntua: Atharratzen, 2026ko martxoaren 19an.
Helmuga: Bilbon, 2026ko martxoaren 29an.
Mezua:
Euskara-herria naiz, bizitzeko era, izateko modua.
Suaren antzekoa naiz: beti bera, beti berri.
Ongi etorri nire etxera, gure etxera.
Iraganetik gaur egunera, ateak beti zabalik ditugun babesgunera.
Zu eta ni euskara gara. Bat gara.
Miloi bat euskaldun gara, eta gehiago izango gara.
Biziberritzen den komunitate aske eta irekia gara,
elkarrekin sortuko dugun etorkizuna.
Alderik alde zeharkatuko dugun Euskal Herria gara.
Eman hitza, eta eman pauso, erdigunean jartzeko aniztasuna eta elkar zaintzea.
Eman pausoa, eta aktibatu, lehen lerroan nahi dugu helduen euskalduntzea.
Guztiok gara ezinbesteko. Pertsona bakoitzak du balioa; hiztun bakoitzak, garrantzia.
Euskaltegian izena eman dugunok, euskara lehen hizkuntza dugunok, kanpotik etorri garenok,
euskaraz, Euskal Herrian, ikasi eta bizi nahi dugunok...
Guztiok herri bat gara. Euskara gara.
Aditu Korrikaren deiadarra.
Izan gaitezen dardara, izan gaitezen indarra.
Piztu da Korrikaren garra!…
Parte hartzeko bideak:
1-Herri batzordeetan parte hartuta.
2-Diru ekarpenak eginda:
-Korrika Laguntzaile izanda edota 24. Korrikaren materiala erosita.
-Korrikalarien peto edo bizkarrekoa erosita.
-Korrikaren kontu korronteotan diru ekarpenak eginda:
Hegoaldean: ES70 3035 0072 02 0720037810
Iparraldean: FR76 1333 5000 4008 9291 5827 532 (eurotan), 218371601 (euskotan).
-BIZUM edo txartel bidez "korrika" edo "aek" bilatuta, baita korrika.eus atariko "Nola parte hartu" atalean ere.
-Lekukoa eramanda senide edota lagunekin, elkartekideekin... dagokion ekarpena eginda.
3-Korrikaren berri eman eta haren ospea hedatuz:
-Korrika Kulturalaren ekitaldietan parte hartuta.
-Korrika.eus webgunea edota haren sare sozialetan parte hartuta.
4-Korrikan parte hartuta:
-Hasieran eta amaieran.
-Bizkarrekoa jantzita korrika eginez; "euskara ikasi, hitz egin eta euskaraz bizi nahi dugula erakusteko".
5-Enpresa eta saltokiek:
-24. Korrika iragartzeko euskarriak babestuta.
-Korrikalaria eskuratuz zein Korrika Lagun izanez.
-Kilometroak eskuratuz. Parte hartzeko modu hau erabili nahi dutenek Korrikaren bulegoetara jo dezakete otsailaren 1etik aurrera.
Informazio gehiago:
korrika.eus
Antolatzailea: AEK.
