24. Korrika

Korrikaren lekukoa eraman nahi duten bazkideei deialdia

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 11

Bai NOAUA! Kultur Elkarteak baita Santuenea Kultur Elkarteak ere Korrikaren lekukoa bazkideek eramatea erabaki dute. Bi elkarteok izena emateko deialdia ireki dute, lekukoa eraman nahi duten bazkideentzat.

24. Korrika badator! Bi aste baino ez dira falta, martxoaren 19an Zuberoako Atharratzetik abiatuko den euskararen aldeko lasterketa gure artera heltzeko. Hilaren 25ean, 13:30ak pasatxoan sartuko da udalerri honetara, Zubietako hipodromoko zubi aldetik. Lekukoa Aginagako Mapilen oriotarren esku utzi arte, hamaika kilometro egingo ditu Korrikak udalerri honetan.

Hainbat erakunde, eragile eta elkarteek eramango dute barnean ezkutuan daraman mezu sekretudun lekuko preziatua; horien artean izango dira NOAUA! Kultur Elkartea eta Santuenea Kultur Elkartea.

NOAUA! Kultur Elkarteak ibilbideko kilometro bat eskuratu du aurreko edizioen antzera. Bazkideei eman nahi diegu lekukoa eramateko aukera. Honenbestez, kultur elkarte honetako bazkideoi gonbita bikoitza; batetik, NOAUA! K.E.-k lekukoa hartuko duen kilometroarekin bat egiteko eta baita aipatu moduan, lekukoa eramateko deialdia ere. Interesdunek, martxoaren 16ra arteko tartea dute bideotatik izena emateko: 943 360 321 / elkartea@noaua.eus . Izena ematen duzuenon artean bazkide bat hautatuko dugu.

Horrekin batera, bazkideei lotutako bigarren oharra. Korrikako materialaren lau lote zozketatuko ditugu NOAUA! K.E.-ren bazkideen artean martxoaren 13an.

Girotzea Santuenean
Deialdi bera egin du baita Santuenea Kultur Elkarteak ere. Izan ere, kultur elkarte horretatik jakinarazi dutenez, martxoaren 25ean euskararen aldeko lasterketa auzotik igarotzerakoan, "lekukoa eramateko aukera izango dugu". Kultur elkarte horretako bazkide izan eta Korrikaren lekukoa eraman nahi dutenek martxoaren 17ra arteko epealdia dute izena emateko, bideotatik: santueneake@gmail.com / 621 09 56 44.

Korrika heldu aurretik, ekimen horri begirako girotze arratsaldea antolatu du Santuenea Kultur Elkarteak igande honetan, martxoaren 15ean. 17:00etan hasita, auzoko frontoian girotze arratsaldea iragarri dute; "auzoa apaindu, Korrikako bingoa, dantza...".