Udaberriko zein uda parteko aisialdiko hainbat ekimenetan izena emateko garaia

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 11

Datozen udaberri nahiz uda parteko oporretarako aisialdiko zenbait ekimen antolatu dira herrian. Segidan dituzue xehetasunak. Izan ere, izena emateko epealdia ireki dute ekintza horietan guztietan.

Antzerki tailerra
Belmonte auzo elkarteak antolatu du datorren udaberri parteko oporraldirako. Apirilaren 7tik 10era izango dira saiook, goizero, 11:00-12:30 artean Kalezarko Pelaioenean. LH 3, 4, 5 eta 6 mailetakoei zuzendua egongo da tailerra. Izena 20 euroren truke eman ahalko da martxoaren 31 baino lehen, helbide honetan: ixabel.agirresarobe@gmail.com

Kirol Astea
Datorren udaberriko oporraldian ere Kirol Astea antolatuko du Usurbil F.T.-k, LH 3-6 mailakoentzat. Izen-ematea zabalik dute martxoaren 22ra arte. Martxoaren 30ean hasi eta apirilaren 2ra arte deitu dute aurtengo edizioa. Saioak goizez izango dira, 10:00-13:00 artean. Prezio orokorra 40 eurokoa izango da, 30 eurokoa txokoetan anai-arrebarik izanez gero. Izen-ematea helbide honetan bideratu ahalko da: https://forms.gle/NqM2u31W7PAzs9G48 . Bertan duzue ordainketak egin beharreko kontu zenbakia ere. Ordainketak egiterakoan, kontzeptuan haurraren izen-abizenak eta “Kirol Astea” jartzea eskatu dute antolatzaileek.

Ziortzaren kanpaldia
Ziortza Gazte Elkarteak finkatu ditu datorren uda parterako antolatzen ari den kanpaldirako datak. Errioxako Peñaloscintosen kokaturiko ekimenerako hiru txanda antolatu dituzte DBH-ko gazteentzat:
-DBH 3-4: uztailak 7-16
-DBH 2: uztailak 16-23
-DBH 1: uztailak 23-30

Txandak finkatzearekin batera, kanpaldirako aurre izen-emateko epealdia ireki du asteazken honetatik, martxoaren 11tik 22ra. Inskripzioak bideratzeko bi bide izango dituzte interesdunek; batetik, ziortzakanpaldia@gmail.com helbidera idatzi eta gazte elkartekoekin hartuemanetan jarrita. Bestetik, Ziortzak kaleratu eta albiste honi atxikia duzuen karteleko QR kodearen bidez irekiko zaizuen estekako galdetegia osatu daiteke.

Ziortza Gazte Elkartetik ohartarazi dutenez, honako hau aurre izen-emate kanpaina da eta, beraz, ez da izen-emate ofiziala; soilik kalkulu bat egiteko balio du. Dena den, izen-emate ofiziala soilik galdetegi hau bete dutenek egin ahal izango dute.


UEMA-ren "Salto!" udaleku ibiltariak
Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta saretzea dute helburu "Salto!" izeneko udalekuek. Usurbilgo udalerria kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) beste urte batez, aisialdiko ekimen ibiltari hau antolatu du uda hasierarako. Zehazkiago esanda, bi txanda antolatu ditu; lehenengoa, ekainaren 23tik uztailaren 1era eta bigarrena, uztailaren 3tik 11ra. 2008 eta 2011 urte artean jaiotako gazteek izango dute parte hartzeko aukera. 120 lagunentzako tokia egongo da, txanda bakoitzean 60 lagunek parte hartu ahalko dute.

Aipatu moduan, udaleku ibiltariak izango dira. Edizio hau, Bizkaian barrena egingo da; "Markina-Xemeinen hasi eta, Aulesti eta Berriatua zeharkatu ondoren, Ondarroara iritsiko dira gazteak". Udalerrion arteko bidea oinez egingo dute parte hartzaileek. Herri bakoitzean bi gau igaroko dituzte. Egun horietan zehar, hainbat ekintzetan parte hartzeko aukera izango dute; hala nola, "herriz herriko mendi-ibilbideak, kantaldiak, kontzertuak, tailerrak..." egingo dituzte, baita, "jolasak, solasak, hausnarketak...". Horien bidez, laguntasun harremanak eraiki eta horietan sakontzeko tartea ere izango dute. Antolatzaileek gogorarazi moduan, parekidetasuna, aniztasunarekiko errespetua, naturzaletasuna, parte hartzea... gisa horretako balioetan oinarrituriko udalekua da.

UEMA-ren arabera, "hezkuntza arautuaren mugetatik kanpo, gazteen aisialdian ere eragin" nahi dute ekimen honekin. "Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatzea eta saretzea lortu nahi da udaleku hauekin", UEMA-ren esanetan.

Ekimen hau, "Hedatu hezkuntza proiektua" egitasmoaren testuinguruan antolatua du UEMA-k. "Ikastetxeetan ere ari dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, LHko, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. Udalerri euskaldunak eta arnasguneak giltzarriak direla nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain". Aipatu egitasmoa gehiago garatzeko, "hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin".

Izen-ematea eta informazio gehiagorako:
943 816 699
administrazioa@uema.eus
uema.eusEskuorria eta galdetegia