Uxue Trail berriturako izen-ematea zabalik, ibilbidea ezagutzeko aukera igandean

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 11

Ekainaren 14an egingo den mendi lasterketa solidarioaren seigarren ediziorako izen-emateko epealdia ireki dute antolatzaileek. Berrikuntzak izango dira aurtengoan. Horren harira, ibilbidea ezagutzeko aukera eskainiko dute igandean, martxoaren 15ean.

Iaz eginiko bosgarren edizioaren ondotik, berritua dator 6. Uxue Trail Mendi Lasterketa Solidarioa. Kiroltasuna eta elkartasuna uztartzen dituen ekimenaren antolatzaileek finkatu dute datorren ediziorako hitzordua; ekainaren 14an egingo da lasterketa, igande goizez.

Dagoeneko izen-emateko epealdia ere ireki dutela eman dute aditzera. Inskripzioak kronoak.com atarian bidera daitezke. Hemen datoz aldaketak. Izan ere, edizio berritua izango da aurtengo Uxue Trail Mendi Lasterketa Solidarioarena.

Aurreko ediziora arte, diru ekarpenak egitea ahalbidetzen zuen dortsal solidarioaz gain, 20 kilometroko Uxue Trail Luzean, 11,5 kilometroko Uxue Trail Motzean edota 5,5 kilometroko Uxue Paseoan parte har zitekeen. Hartara, oinez nahiz korrika bat egin zitekeen, Uxue Martin herrikideak duen Phelan-McDermid Sindromea ezagutarazi eta gaixotasun arraro hau ikertzeko laguntza biltzeko ekimenarekin.

Ibilbide bakarra, banaka edo binaka
Aipatu moduan, aurtengo ediziorako berrikuntzak txertatu dituzte antolatzaileek. Sare sozialen bidez berri eman dutenez, ibilbide bakarra osatu ahalko da Andatzan barrena, 12 kilometrokoa, baina bi moduan parte hartu ahalko da; bakarka edo binaka. Horrez gain, aurreko edizioetan bezalaxe, Uxue Paseoarekin bat egiteko aukera ere izango da; hau da, oinez 5,5 kilometroko ibilbidea osatzekoa.

Lasterketan 18 urtetik gorakoek parte hartu ahalko dute, 15 urtetik gorakoek ere bai, gurasoen baimena aurkeztuz gero. Uxue Paseoan edozein adin tarteetakoak irten ahalko dira.

Sariei dagokienean ere aldaketak izango dira. Aurreko edizioetan, helmugaraturiko Uxue Trail Luzeko zein Motzeko lehenengo hiruna gizonezko eta emakumezko saritzen zituzten. Oraingo honetan, ibilbide bakarra izanda baina banaka zein binaka parte har daitekeela jakinda, bederatzi izango dira frontoiko oholtzan sarituko dituzten lasterkariak; batetik, banakako lasterketan hiruna emakumezko eta gizonezko. Azkenik, binaka parte harturikoen artean, helmugaraturiko lehenengo gizonez nahiz emakumeez osaturiko bikote bana eta lehenengo bikote mistoa ere sarituko dute.

Lasterketarako dortsalak frontoian banatu asmo dituzte bezperan, hilaren 13an, 18:00-20:00 artean, nahiz lasterketa egunean, 08:00-09:30 artean.

Ibilbidea ezagutzeko aukera
Aipatu moduan, datorren 6. Uxue Trail Mendi Lasterketa Solidariorako ibilbide bakarra ezagutzeko aukera eskainiko dute igande honetan, martxoaren 15ean. Goizeko 9:30etan Usurbilgo frontoitik abiatuta, 12 kilometroko ibilbidea ezagutzeko aukera izango da, "lasai-lasai" antolatzaileek jakinarazi dutenez. Hitzordua, Irati Larrañaga mendi lasterketetako parte hartzaileak gidatuko du. "Edonori zuzendua. Animatu!", egin dute gonbita. Irteera honen deitzaileek jakinarazi dutenez, "dutxa zerbitzurik ez" da izango.

Berrikuntzak berrikuntza, ekimenaren izaera solidarioari eutsiko diote aurten ere. "Lasterketaren helburua ez da aldatu: Phelan-McDermid gaixotasunaren ikerketa bultzatzea. Parte hartuz, ikerketa aurrera daramazu. Animatu zaitezte!", egin dute deialdia.