Abenduaren 15ean iragarritako deialdia urtarrilaren 19an erregistratu zuten ofizialki. Dagoeneko hamaika gizarte mugimenduk eta eragileek atxikimendua adierazi diote deialdiari. Greba egunera begirako prestaketak bideratzeko batzordeak antolatu dira herriz herri, baita Usurbilen ere.
Parte hartzea sustatzeko
Otsailaren 12an bildu eta osatu zen lehenbizikoz, Usurbilgo greba batzordea Potxoenean eginiko lehen asanblada irekian. Ordutik, astero elkartu izan dira azkenaldian. Sindikatuek eginiko Hego Euskal Herri mailako deialdia herriratzeko, "greba orokorra Usurbilen lurreratzeko sortutako batzordea da", aipatu herritarren bilgunetik azaldu bezalaxe. Emandako lehen urratsa, aipatu moduan, "asanblada ireki bat" deitzea izan zen, "usurbildarrei atea zabaltzeko greba egunean parte hartzeko, baita greba aurreko antolaketa eta prestaketa lanetan ere".
Hala, astez aste, "gaia sozializatzen, greba egunaren beraren antolaketan eta aurre lanketa horretan, ekimen desberdinak egiten" joan direla eman digute aditzera. Modu horretan, greba egunean plazaratuko duten errealitate gordinaren hainbat zertzelada herriko hainbat hormetan esekitako karteletan agertu dira egunotan, datu argigarri bezain kezkagarriekin. Esaterako, "1.500 euroren azpitik dauden lau langiletik bat 30 urtetik beherakoak dira" edota antzeko beste euskarri batean irakurri ahal izan dugun moduan, "Hego Euskal Herrian bost langiletik batek 1.500 eurotik beherako soldata du. Horien artean, hirutik bi emakumeak dira". Salaketa mezu gehiago ere agertu dira egunotan; hala nola, "461 milioi euro: langile zaurgarrienen kontura atera duten plusbalia erantsia" dioena.
%20a, 1.500 euroren azpitik
Azkenaldi luzean, begi-bistakoa den errealitatea azaleratzen dute datu horiek. Bizimodua nabarmen garestitu dela; aldiz, "soldatak ez dira proportzioan handitzen". Greba batzordetik oroitarazi digutenez, Hego Euskal Herrian "250.000 langile bizi dira, aldarrikatzen den 1.500 euroko soldataren azpitik; langileen %20 inguru", greba batzordetik adierazi moduan.
Beste modu batean esanda, egun, "berrogei orduko lan astea izateak ez du bermatzen bizimodu duina izatea". Testuinguru horretan, "euskal gizarteak duen erronka nagusietako baten" aurrean gaude, Usurbilgo greba batzordetik nabarmendu dutenez eta "horregatik deitzen dugu grebarekin bat egitea". Izan ere, bereziki, kolektibo zaurgarrienek "pairatzen duten egoera oso latza da".
Saiakera ugari, grebara heldu aurretik
Ibilbide luzea duen gaia izan da honakoa. Greba deialdi honetara heldu aurretik, greba batzordetik gogorarazi moduan, saiakera bat baino gehiago egin dira errealitate hau plazaratzen, lanbidearteko gutxieneko soldata hemen arautzeko ahaleginak egin dira.
Horien artean, hor dago, iaz, gai honen harira Herri Ekimen Legegilea bideratzeko bildutako herritarren milaka sinadura; "tramitera onartu ez, atzera bota eta ez ziren ezta eztabaidatzera heldu". Ondorioz, "langileoi ez zaigu beste aukerarik geratu grebara jotzea baino".
Errealitate hau eraldatzeko eskaera greba egunaren mobilizazioen erdigunean izango da. Honenbestez, bizimodu duinak bermatzen erantzukizuna dutenei zuzendurikoak izango dira hilaren 17ko aldarri nagusiak; patronala edota Hego Euskal Herriko gobernu nagusiak izango dira interpelatuak. "Patronala eta agintari politikoak eskutik helduta doaz, aberastasuna modu justuan banatzeko edozein neurri blokeatzeko asmoz. Horixe da gutxieneko soldatarekin ere gertatzen ari dena. Bertan bizi garenon oinarrizko beharrak asetzeko diru sarrera nahikoa izatea ekidin nahi dute, eta dagoeneko pairatzen ditugun arrakala sozialetan sakondu. Aldarrikapen zilegi, justu eta egingarri bati bide guztiak itxi dizkiete", dio askotariko herri eragileek, tartean Usurbilgo zenbaitek sinatu duten greba orokorrera begirako manifestuak.
"Borroka hau irabaztera goaz"
Askotariko krisiak jotako mundu mailako testuinguruan kokatzen du testu horrek Euskal Herrian ere gertatzen ari dena. "Ez dira garai errazak langile eta herri sektoreontzat. Egunero darabilgun hiztegian krisi hitza ageri zaigu. Krisi ekonomikoa, politikoa, soziala, ekologikoa, zaintza lanena. Mundua hankaz gora jarrita du sistema kapitalista patriarkal, ekozida eta arrazistak; joera autoritario eta faxistak hedatuz, gerra inperialistak eraginez, pobrezian eta prekarietatean sakonduz. Aberatsak aberatsago, boterea geroz eta esku gutxiagotan eta langile sektore geroz eta gehiago bazterrean".
Greba egunaren atarian, manifestu horren sinatzaileek argi diotenez, "borroka hau irabaztera goaz. Martxoaren 17an dena gelditzeko deialdia egiten dugu. Lan guztiak desnormalizatzera deitzen dugu. Greba egitea ezinezkoa dutenak presente, greba babestera deitzen dugu. Sinetsita gaude borrokak merezi duela eta lortu dezakegula". Ildo horretan, datorren asteartean, iragarri dutenez, aldarrikatuko dute "gutxieneko soldata hemen erabaki. Gure bizi-baldintzei, gure soldatei eta gure etorkizunari buruz erabakitzeko burujabetza aldarrikatzen dugu. LGS 1500. Hobetu ditzagun soldatak aberastasuna banatzeko!".
Helbide honetan bat egin daiteke lerrootan mintzagai dugun manifestu horrekin: labur.eus/M17Atxikimenduak.
Mobilizatzeko deia
Aipatu moduan, Usurbilgo greba batzordeak martxoaren 17rako prestatzen ari den mobilizazio egunarekin bat egiteko deia egin du. "Goizean goizetik abiatuko da deialdien egitaraua. Herrian egingo dira lehen mobilizazioak herritarrek parte hartzeko", aurreratu diote hedabide honi Usurbilgo greba batzordeko kideek. Egunotan finkatu eta plazaratuko dituzte hitzorduoi buruzko xehetasunak. Momentuz, aurreratu daitekeena da, goiz partean, Usurbilen bertan mobilizatzeko deia egingo dela. Eguerdian, 12:30etan Donostiako Amarako Pio XII plazatik herrialde mailako manifestazioa abiatuko da Bulebarrerantz. Gune horretara heltzeko zutabe bana antolatuko da hiriburuko txoko ezberdinetatik. Usurbildarrei zer zutabeekin bat egin, egunotan zehaztuko da. Arratsaldean eskualde mailako mobilizazioak antolatuko dira. Usurbildarrei zer herrietako mobilizazioekin bat egin, egunotan jakinaraziko dute. "Denok atera gaitezen kalera. Antolatuko ditugun eguneko deialdietan parte hartzeko" gonbita egin digute greba batzordeko kideek.