#M17

Kotxe karabana gaur, datorren greba eguna girotzeko

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 12a

Lanbidearteko Gutxieneko Soldata 1.500 eurokoa izan eta soldata hori hemen erabakitzea galdegiteko euskal gehiengo sindikalak martxoaren 17rako Hego Euskal Herrian deitu duen greba orokorra ate joka dugu. Deialdia girotzeko kotxe karabana antolatu du Usurbilen osatua den herritarren batzordeak gaurko.

ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek greba orokorra deitua dute Hego Euskal Herrian martxoaren 17an, gutxieneko soldata hemen erabaki. Lanbidearteko Gutxieneko Soldata 1.500 euro. Soldatak hobetu aberastasuna banatzeko" aldarripean.

Datorren greba egunerako mobilizazio hainbat prestatzen eta zehazten ari da, duela hilabetetik lanketan diharduen Usurbilgo herritarrez osaturiko greba batzordeak.

Greba eguna girotzeko, kotxe karabana antolatu du ostegun honetarako, martxoaren 12rako. Arratsaldeko 18:30etan abiatuko da Oiardo kiroldegitik. Deialdiotara adi egoteko gonbita egin dute.

Dagoeneko albiste honi atxikitako irudiotan ikus dezakezuen moduan, herria girotu eta gaia herritarren artean gizarteratzen ari da aipatu bilgunea.

Mobilizazio eguna
Usurbilgo greba batzordeak martxoaren 17rako prestatzen ari den mobilizazio egunarekin bat egiteko deia egin du. "Goizean goizetik abiatuko da deialdien egitaraua. Herrian egingo dira lehen mobilizazioak herritarrek parte hartzeko", aurreratu diote hedabide honi Usurbilgo greba batzordeko kideek. Egunotan finkatu eta plazaratuko dituzte hitzorduoi buruzko xehetasunak.

Momentuz, aurreratu daitekeena da, goiz partean, Usurbilen bertan mobilizatzeko deia egingo dela. Eguerdian, 12:30etan Donostiako Amarako Pio XII plazatik herrialde mailako manifestazioa abiatuko da Bulebarrerantz. Gune horretara heltzeko zutabe bana antolatuko da hiriburuko txoko ezberdinetatik. Usurbildarrei zer zutabeekin bat egin, egunotan zehaztuko da.

Arratsaldean eskualde mailako mobilizazioak antolatuko dira. Usurbildarrei zer herrietako mobilizazioekin bat egin, egunotan jakinaraziko dute. "Denok atera gaitezen kalera. Antolatuko ditugun eguneko deialdietan parte hartzeko" gonbita egin digute greba batzordeko kideek.