Honez gero jabetuko zineten moduan, matxura artean joan zaizkigu azken orduak NOAUA! Kultur Elkartean. Batetik, kultur elkarte honekin telefonoz hartuemanetan jarri nahi izan baduzue, ezinezkoa egingo zitzaizuen, matxura bat tarteko komunikazio bide hau etenda izan dugulako. Dagoeneko komunikazio bide hori zabalik da berriz.
Horrez gain, web orrialde hau ere matxuratua izan dugu. Izan ere, albiste berrienak atari honetara sartu orduko bistaratzen zaizuen azalean ikusteko modurik ez duzue izan, beste akats tekniko bat tarteko. Albiste berrienak ikusteko, bi modu izan dituzue. Web orrialde honetara sartutakoan, goialdean "NOAUA" izena ageri zaizuen tarte horretan, ezkerretan duzuen erlaitzean klikatzen baduzue, "Herriak eta auzoak" nahiz "Gaiak" hautatuta, izendapenok argi dioten moduan, Usurbilgo herri eta auzoen araberako nahiz gaikako bilaketak egin ahal izan dituzue, albiste berrienei buruzko xehetasunak jasotzeko.
Lekuko eramaile bila
NOAUA! Kultur Elkarteari lotutako bestelako kontu gehiago ere baditugu zuenganatzeko. Izan ere, batetik, martxoaren 25ean, gure artera helduko den 24. Korrikan NOAUA! Kultur Elkarteak ibilbideko kilometro bat eskuratu du aurreko edizioen antzera. Bazkideei eman nahi diegu lekukoa eramateko aukera. Honenbestez, kultur elkarte honetako bazkideoi gonbita bikoitza; batetik, NOAUA! K.E.-k lekukoa hartuko duen kilometroarekin bat egiteko eta baita aipatu moduan, lekukoa eramateko deialdia ere. Interesdunek, martxoaren 16ra arteko tartea dute bideotatik izena emateko: 943 360 321 / elkartea@noaua.eus . Izena ematen duzuenon artean bazkide bat hautatuko dugu.
Horrekin batera, bazkideei lotutako bigarren oharra. Korrikako materialaren lau lote zozketatuko ditugu NOAUA! K.E.-ren bazkideen artean martxoaren 13an.
Azken aldizkariak
Gogoan izan, bestalde, ostiral honetako, martxoaren 13ko datarekin argitaratu dugun 1068. NOAUA! irakurgai duzue. Honez gero, postontzietan jaso duzu edo heltzear izango zaizue. Bestela, online, pdf formatuan atari honetan bertan irakur dezakezue 1068. NOAUA!.
Plazaratu berri duguna, udaberriko jaiegunen atariko azkenetako aldizkaria izan da. Opor egun horien aurreko azkeneko bi astekariak hilaren 20an eta 27an argitaratuko ditugu. Hortik aurrera, apirilaren 3an eta 10ean ez da aldizkaririk izango.
Honenbestez, argitalpen horiei begirako oharrik baduzue bideotatik helarazi ditzakezue: erredakzioa@noaua.eus / 943 360 321.
Errigora
NOAUA! Kultur Elkarteak bat egin du beste behin, Errigoraren urte garai honetako "Eskuz Esku" kanpainarekin.
Martxoaren 18ra arte Errigoraren “Eskutik eskura egiten dugu herria” kanpaina abian duzue. Nafarroa erdialdean eta hegoaldean ekoitzitako produktuak eskuratzearen truke, irabazien laurdena zonalde hartako euskalgintzara bideratuko da beste behin. Oraingo honetan, oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta, lekaleak eta ardo loteak euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorriko prezioan erosi ahalko dituzue.
Eskabideak, ohi bezala, NOAUA! Kultur Elkartean nahiz errigora.eus bidez egin ahalko dituzue. Maiatzaren 8an eta 9an banatuko ditu kultur elkarte honek, iaz bezala, Udarregi ikastolako erdiko aretoan. Ordainketak egiteko bi modu izango dituzue. “Online eginez gero, bi zatitan ordaintzeko aukera izango duzu. Bestela, dena batera ordain dezakezu, eskudirutan, produktuak jasotzerakoan”, jakinarazi du Errigorak.
Informazio gehiago errigora.eus atarian jaso ahalko duzue.
23. Laburbira
Kultur elkarte honi lotutako azkeneko oharra. 24. Korrika igaroko den astea borobiltzeko, azkenaldian ekoitzitako euskarazko film berrienen emanaldia eskainiko du NOAUA! K.E.-k martxoaren 29an arratsaldeko 18:00etan Sutegiko auditorioan, 23. Laburbira ekimenaren bidez. Euskarazko film laburren Euskal Herri mailako zirkuitu ibiltariak Sutegin egingo duen geldialdian, ikus-entzunezko hauek proiektatuko dira: "Fishy - June Asua Olabarria/Hortzikara - Ane Cuesta/Geratzen den hori - Aitor Gametxo Zabala/Olentzerori eskatu nion - Amaia San Sebastian Larzabal/Erreka zoko hortan - Ekaitz Bertiz/Orain zer? - Ainhoa Urgoitia/A-Maniki - Elixabet Nuñez". Ondoren, gainera, zuzendari batekin solasean aritzeko aukera izango dugu.