Sei egun 24. Korrika abiatzeko, bi aste baino gutxiago euskararen aldeko lasterketa gure artera heltzeko. Atzerako kontaketa honetan hainbat ekimen antolatu dira hurrengo egunotarako. Horien artean, bada bat izen-emateko epealdia azken txanpan duena. Izan ere, martxoaren 19an abiatuko da 24. Korrika Zuberoako Atharratzetik. Hara joateko autobus zerbitzua antolatzen ari da Etumeta AEK euskaltegia, Lasarte-Oriako Muntteri AEK euskaltegikoekin batera. Bi udalerriok lotuko dituen autobus zerbitzuaren bidez, Korrikaren hasiera festaz gozatzeko aukera izango da hilaren 19an.
Antolatzaileek jada, prest dute Hego Euskal Herrian jaieguna egokitu den ostegun horretarako jaialdia Atharratzen. Musika, haurrentzako ekitaldiak, jan-edana... izango dira egun osoz. Eta, noski, 15:30etan abiatuko da ofizialki bertatik 24. Korrika, ekitaldi nazionala egin ostean.
Zerbitzu horretan izena emateko azken eguna duzue ostiral hau, hilaren 13a. Segidan dituzue xehetasunak, baita hurrengo egunotarako, Korrikaren harira antolaturiko gainerako hitzorduen berri ere: 
24. Korrika
Martxoak 9-13, astelehenetik ostiralera
16:20-16:40 24. Korrika laguntzeko Udarregi ikastolako LH6-koen elkartasun azoka Agerialdeko frontoian.
Salgai izango dituzten produktuak: 24. Korrikarako dortsalak, tokiko produktuez hornituriko otar ederra nahiz sorpresak zozketatzeko errifak, "Ni Naiz"-eko motxilak, karterak, belarritako txikiak eta handiak...
Martxoak 15, igandea
17:00 Korrika girotzeko ekintzak Santueneako frontoian: auzoa apaindu, Korrikako bingoa, dantza... Martxoaren 25ean, lekukoa eraman nahi duten Santuenea K.E.-ko bazkideek izena eman dezakete bideotatik, martxoaren 17a baino lehen: 621 09 56 44, santueneake@gmail.com. Izena emandakoen artean zozketa egingo dute.
Antolatzailea: Santuenea K.E.
Martxoaren 16ra arte
NOAUA! K.E.-ren izenean 24. Korrikaren lekukoa eraman nahi duten bazkideentzako izen-emateko deialdia, bideotatik: 943 360 321 / elkartea@noaua.eus . Hilaren 16an, izena emandakoen artean bat hautatuko dugu.
Martxoak 19, osteguna
24. Korrika Zuberoako Atharratzetik abiatuko da martxoaren 19an. Korrikaren hasiera festara joateko autobus zerbitzua.
Abiatzeko ordua: 08:00etan Usurbilen, 8:15ean Lasarte-Orian.
Itzulerako ordua: 17:30etan Atharratzetik abiatu.
Izen-ematea: txartelak 17 eurotan euskaltegietan, martxoaren 13ra arte.
Antolatzailea: Usurbilgo Etumeta AEK eta Lasarte-Oriako Muntteri AEK euskaltegiak.
Martxoak 24, asteartea
Arratsaldez, Korrika Txikia Udarregi ikastolan.
Martxoak 25, asteazkena
Egun osoan zehar, Udarregin Korrika Festa.
13:37-14:47 24. Korrika Usurbildik.
Hasiera: Zubietako hipodromoko zubia (1784. kilometroa).
Amaiera: Aginagako Mapil ingurua (1.794 kilometroa).
Distantzia: 11 kilometro.
17:00 Frontoian txokolatea eta bizkotxoak.
Arratsaldean, Korrika Txikia Zubietan.
Martxoak 26, osteguna
19:00 Imanol Epelderen "Zerbait sartu zait begian" Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: ""ZERBAIT SARTU ZAIT BEGIAN spoken word-a, musika elektronikoa eta irudiak uztartzen dituen performance garaikidea da. Bizimoduaren abiadura, naturarekiko deskonexioa, zoriontasunaren bilaketa amaigabea, maskulinitatea eta euskara umorez nahasten ditu, publikoa hunkituz eta hausnarrera eramanez.. Eszenan artista bakarra, pantaila eta musika... Garai aldakor hauek bizitzeko modua da asmatu ezin duguna. Umorez eta irmotasunez, garai hauek kantatzera eta kontatzera datorren jendaurrekoa da ZERBAIT SARTU ZAIT BEGIAN".
Sarrerak: 6 eurotan, usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzaileak: Usurbilgo Korrika Batzordea eta Usurbilgo Udala.
Martxoak 28, larunbata
12:00 Korrikari eskainitako kantu-jira, Mikel Laboa plazatik abiatuta.
Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.
Martxoak 29, igandea
18:00 23. Laburbira Sutegin.
Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.
Oharra: petoak salgai Etumeta AEK euskaltegian eta Udarregiko azokan. Eskuratu agortu baino lehen.