Sorkuntzaz blaitutako Gazte Eguna larunbatean

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 13a

EHZ-k, Udalak, Kulturguneak eta Aztarrika Gazte Asanbladak lankidetzan sustaturiko tailerra antolatu dute larunbat honetako, martxoaren 14ko Gazte Eguna hasteko. Gero, Iruñeako San Ferminetako Peña Alegriakoak bueltan izango ditugu. Afariak eta kontzertu gauak borobilduko du aurtengo Gazte Eguna.

Astebururako iragarria dagoen negu giroa gogotik berotuko du Aztarrika Gazte Asanbladak larunbat honetarako, martxoaren 14rako antolatua duen Gazte Egunak.

Lau hitzordu izango ditu egun horrek eta tartean, festarako giroa gogotik piztu izan duten bisitariak. Izan ere, bueltan izango ditugu Iruñeako San Ferminetako Peña Alegriako kideak. Azken urteon ildotik, sagardotegian bazkaltzera datoz. Bazkalaurretik nahiz arratsaldean kalejiran ikusiko ditugu. Arratsaldean, gainera, Gazte Eguneko poteoaren baitan. Poteo horren ostean, afaritarako bilduko dira Askatasuna plazan.

Gauerditik aurrera, kontzertu gaua antolatu dute. Eguna, ordea, eta hemen dator berrikuntza, sorkuntzaz blai hasiko dute Artzabalgo gazte lokalean, "kulturgintzan ekin" tailerrarekin. Saioa, Euskal Herria Zuzenean (EHZ) jaialdiko kideekin antolatu dute. Gogoan izan, 2024ko abenduan jakinarazi moduan, Usurbilgo Udalak eta Jakin Fundazioak sustaturiko Joan Mari Torrealdai bekaren bigarren deialdiko proiektu irabazlea izan zen "EHZ 1996-2026: herri bat zuzenean" izenekoa.

Tailer horren bidez, 16-20 urte arteko gazteek hutsetik kultur ekimen bat sortzeko aukera izango dute. Interesdunek izena eman dezakete jada, albiste honi atxikitako karteleko QR kodearen bidez. Bertan eskuratu ahalko den galdetegia osatu beharko da. Bestela, lotura honetan ere eman ahalko da izena: labur.eus/bmib92zw

Gazte Eguna
Martxoak 14, larunbata
11:30 "Kulturgintzan ekin" tailerra, EHZko kideekin, Artzabalgo gazte lokalean.
17:30 Poteo girotua Iruñeako Peña Alegriako kideekin.
20:30 Afaria Askatasuna plazan. Txartelak Aitzagan eta Txirristran salgai, martxoaren 2tik 11ra.
00:00 Kontzertuak: Bisaiak, Nafarroa 1512, Dj Adarrak.
Antolatzaileak: Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanblada, EHZ.