"Nik ipuina antzeztu egiten dut, eta horrek ere erakartzen du"

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 13a

Lur Korta Redinek (Oiartzun, 1978) 25 urte daramatza ipuin kontalari lanetan, eta aldaketak nabari ditu erritmo aldetik duela hogei urteetatik gaur egun arte. Martxoaren 26an Sutegi udal liburutegian eskainiko du saioa, arratsaldeko 18:00etan.

Martxoaren 26an udal liburutegian izango zara. Zein ipuin kontatuko duzu?

3 eta 5 urte bitartekoentzako ipuin kontaketa saioa eskatu didate, eta egia esan oraindik
ez daukat guztiz itxita. Baina, ziurrenik txorien koloreen inguruko ipuinen bat kontatuko dut. Egia da ipuin saio bat prestatzen duzunean bi edo hiru ipuin itxita eramaten dituzula, baina gero askotan ikusleen baitan nik moldatu egiten ditudala. Nik ez dauzkat ipuin saio itxiak, baina estruktura bat daukat: abesti bat abesten dut ipuin batekin, bi edo hiru ipuin eta azkena ipuin bat jostagarria dena edo haien parte hartzea sustatzen duena. Eta askotan gero asmakizunekin bukatzen dut.
Ipuin saio bat gai zehatz baten inguruan izateko eskatzen badidate, orduan gai horien inguruan hitz egiten dut. Baina bestela, moldagarriak egiten ditut. Zorionez, urte asko dira lanean nabilela, eta errepertorio handia daukat eta horretarako aukera ematen dit.

Saio interaktiboa da?

Bai, beti. Adibidez txorien kolorearen inguruko ipuinean txoriek tomatea gorria ikusten dute, eta gorriz jantzita dagoen umearengana jotzen dut. Nik denbora guztian daukat hartu-eman hori. Hodei bihurriaren istorioa hiru anai-arreben istorioa da, eta nik ikusle dauden hiru haurren izenak erabiltzen ditut. Haiek ere pixka bat erakartzeko, eta konplize bihurtzeko. Ondo funtzionatzen du.

Zenbat urte daramatzazu ipuin kontalari lanean?

Pilo bat. 25 urte baino gehiago daramatzat. Nik arte dramatikoa ikasi nuen, eta bigarren urtean ipuin bat kontatzeko irakasgai bat genuen. Irakasleak istorio bat hasieratik bukaerara zehatz-mehatz ikasi behar nuela esan zidan. Ez dut inoiz hain gaizki pasa. Hortik atera nintzen, eta Oiartzungo liburutegian nire erara prestatu nuen. Liburutegian lanean zegoena haurdun zegoen, eta horrela hasi nintzen.

Aldaketa nabaritu duzu hasierako saio horietatik gaur egunekoetara?

Bai. Nire kasuan, zorionez, zirkuitu bat sortu dut, eta liburutegi batzuetan urtero egoten naiz, eta urtero ez bada, bi urtean behin. Gehien nabaritu dudana haurren aldaketa da. Pantailak asko nabaritzen dira. Dosi eta erritmo bat eman behar diezu, bizitza honetan ero moduan goazelako. Nik ipuina antzeztu egiten dut, eta horrek ere erakartzen du.

Lehen baino kontaketa saio gehiago antolatzen al dira orain?

Orain halako saio gehiago daudela iruditzen zait. Nik uste hori ere kutsatu egin dela, eta ahozkotasunari garrantzia eman zaiola. Horrelako formatuko emanaldiak udaletxe edota liburutegi gehiagotan egiten dira orain.

Zergatik uste duzu eman dela gorakada hori?

Egia esan, ez naiz inoiz pentsatzen jarri. Pentsatu nahi dut baliagarria iruditu zaielako antolatzaileei ahozkotasuna lantzeko, irakurzaletasuna bultzatzeko… Azken finean, ipuin saio baten atzean irakurketa bat egon dela, ulerpen bat egon dela, liburutegiaren erabilpena… Ez dakit,
arrazoi asko egon daitezke. Liburuzain bakoitzak helburu desberdin bat dauka.

Gau Beltza edo antzeko egunetan lan karga berezi bat egoten da?

Azkeneko bost urteotan, Gau Beltzeko ipuin saioetan gorakada handia egon da. Niri gertatu zait zortzi leku desberdinetatik deitu didatela. Egun bakarra eta arratsalde bakarra da, eta ezin zara erdibitu. Gorakada handia egon da. Asko egoten dira Haur Liburuaren Egunean, apirilaren 23an, eta Liburuaren Egunean. Haur Eskubidearen Egunean ere horri buruzkoak eskatzen dizkigute. Eta martxoan, emakumearen inguruko ipuinak