San Ferminetarako bidea Usurbilen hasten dute nolabait, irudiotako protagonistek. Ildo horretan, urte luzeetako ohitura berritzera etorri dira larunbat honetan, martxoaren 14an. Izan ere, gure artean bueltan ditugu Iruñeako Peña Alegriako kideak. Larunbat euritsua egokitu zaie, ez da halako giroarekin gure artera etortzen diren lehen aldia eta ezinhobeto prestatuak etorri dira, txarangako kideentzako karpa mugikor eta guzti.
Larunbat eguerdi honetan egin dute lehen kalejira herrian barrena. Irudiok bazkaltzeko lekurantz eginiko bira amaierakoak dituzue. Taldearen izenari eta izenari oso estuki lotutako izanari gorazarre gogotik egin diete. Giro goibela jai giroan bilakarazi dute, urtero egin ohi duten moduan.
Usurbilgo erdigunean hasitako biran, Santueneako Aialde-Berri sagardotegira joan dira otordurako. Bazkalostean bueltan izango dira berriz. Aztarrika Gazte Asanbladak antolaturiko Gazte Eguneko poteoarekin bat egingo dute, 17:30etatik aurrera.
Hain zuzen, Gazte Eguna dugu gaurkoan Usurbilen. Honatx hurrengo orduotako ekitaldien berri:
Gazte Eguna
Martxoak 14, larunbata
17:30 Poteo girotua Iruñeako Peña Alegriako kideekin.
20:30 Afaria Askatasuna plazan. Txartelak Aitzagan eta Txirristran salgai, martxoaren 2tik 11ra.
00:00 Kontzertuak: Bisaiak, Nafarroa 1512, Dj Adarrak.
Antolatzaileak: Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanblada, EHZ.
