#M17

Udal gobernu taldeak eta udal-langileek ere bat egin dute greba egunarekin

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 14a

Usurbilgo Udaletik jakinarazi dutenez, udal-langileen gehiengoak bat egin du martxoaren 17rako deitua dagoen greba orokorrarekin. Beraz, udal zerbitzuak etenda egongo dira asteartean.

Eguna hurbiltzen joan ahala, ugaritzen doaz martxoaren 17ko greba orokorrari begirako atxikimenduak. Deialdiarekin azken egunotan bat egin dutenen artean dira Usurbilgo udal-langileak ere. Udalak berak jakinarazi duenez, "udal-langileen gehiengoak martxoaren 17ko greba orokorraren deialdiarekin bat egin du".

Erabaki horren ondorioz, Udaletik ohartarazi duten moduan, "udaletxea eta udal-zerbitzuak itxita izango dira". Horrenbestez, "Eguneko Arreta zerbitzurik ez da eskainiko, ezta Bidez Bide garraio zerbitzua ere. Artzabal jatetxeak ere greba egingo duela iragarri du". Horrez gain, "Garbitaniako langileek ere bat egin dute greba deialdiarekin. Hori dela eta, asteartean ez da hondakinen bilketa zerbitzurik izango. San Markok jakinarazi duenez, garbigunea ere itxita izango da asteartean. Atez ateko bulegoak jakinarazi duenez, larrialdi guneak irekita izango dira, behar dutenentzat".

Udal-gobernuak ere bat egin du "Gutxieneko soldata hemen erabaki. LGS 1500€. Soldatak hobetu aberastasuna banatzeko" lelopean, ELA, LAB, STEILAS, Hiru eta Etxalde sindikatuek astearterako deitutako greba orokorrarekin eta hilaren 17rako antolatu diren mobilizazioekin ere gauza bera egiteko gonbita egin diete herritarrei.