"Naturarekin eta bere egungo egoerarekin hausnartzera gonbidatzen gaituen ikuskizuna da" Oma izenekoa bere sortzaileen esanetan. "Ordu batean zehar, gizakion inplikazioa kanpo-espazioetan errepresentatzen duten paisai sonoro berriak esploratzen ditugu", bideo irudiez eta eszenografia bereziarekin. Horixe da Oma, Bizkaiko Kortezubi herriko bailararen izena hartzen duen ikuskizuna, Urdaibaiko Biosfera Erreserban kokaturikoa.
Basabi taldeak sortutako ikuskizuna ekarri digu Zumarte Musika Eskolaren aurtengo Soinurbil Musika Astea larunbat honetan, martxoaren 14an, Sutegira. Emanaldiak ahalbidetu du kultur-etxeko auditoriotik irten gabe eginiko bidaia hori.
Basabiren emanaldi horretan parte hartu dute, Iñigo Cotok (biolina), Marina Barredok (biola), Belen Fernandezek (txeloa) eta Txomi Dhersek eta Sergio Lamuedrak (txalaparta). Gogoan izan, Lamuedra Jexux Artze Kultur Elkarteak sustaturiko txalaparta eskolako ikastaroen bideratzailea ere badela azken urteotan. Musikariokin batera, bideo irudiez arduratu da Paula Segura eta eszenografiaz Jon Begiristain.
2018az geroztik, "musika klasikoa ezagutarazteko eta txalaparta bere ohiko eremutik at zabaltzeko asmoz" dabil musika taldea.