Ordu batzuk baino ez dira geratzen, ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek astearte honetarako, martxoaren 17rako Hego Euskal Herrian "gutxieneko soldata hemen erabaki. Lanbidearteko Gutxieneko Soldata 1.500 euro. Soldatak hobetu aberastasuna banatzeko" aldarripean deitua duten greba orokorrerako.
Ezohiko asteartea izango dugu, honenbestez, biharkoa. Deialdi hau herriratzen aritu da azken asteotan Usurbilen osatu duten batzordeak. Herritarrak informatu eta hilaren 17ko deialdirako girotzen jardun dira.
Zehaztua dute biharko, hilaren 17rako mobilizazioen zerrenda. Usurbilgo greba batzordeak martxoaren 17ko mobilizazio egunarekin bat egiteko deia egin du. "Goizean goizetik abiatuko da deialdien egitaraua. Herrian egingo dira lehen mobilizazioak herritarrek parte hartzeko". Horregatik, "denok atera gaitezen kalera. Antolatuko ditugun eguneko deialdietan parte hartzeko" gonbita egin digute greba batzordeko kideek.
#M17 Greba orokorra
Martxoak 17, asteartea
05:30 Piketeak Mikel Laboa plazatik.
08:30 Kale bira frontoitik.
09:00 Elkarretaratze zaratatsua Mikel Laboa plazan.
11:30 Manifestazioa Donostiako Anoeta futbol zelai paretik.
19:00 Eskualdeko manifestazioa Lasarte-Oriako Okendo plazatik.
Deitzailea: Usurbilgo greba batzordea.
Grebari buruzko jarraipena
Astearteko greba orokorrari buruzko jarraipena egingo dugu atari honen bidez. Greba deialdia tarteko, eduki horiei buruzko informazioa plazaratuko dugu soilik martxoaren 17an, web orrialde honen nahiz NOAUA! K.E.-ren sare sozialen bidez.