#M17

Ozen exijitu dute, greba egun honetako 1.500 euroko gutxieneko soldata hemen erabakitzea

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 17a

Herrian barrena eginiko manifestazioaren ondotik, elkarretaratze zaratatsua egin dute martxoaren 17ko greba egun honi ekiteko Mikel Laboa plazan.

Herri erdigunean barrena manifestazioa egin dute lehenik. "Gaur, martxoak 17. Greba orokorra. LGS 1.500 euro" aldarripean eginiko mobilizazioa Mikel Laboa plazan hasi eta bertan amaitu da, elkarretaratze zaratatsuarekin.

Izan ere, ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek, gutxienez ehun eragile sozialen baino gehiagoren eta 1.750 enpresa komite eta pertsonal batzorderen babesarekin deitutako greba eguna dugu gaurkoa Hego Euskal Herrian. Deialdi horrekin bat egin du baita herri honek ere.

Gutxieneko soldata 1.500 eurokoa eta hemen erabakitakoa
Goizeko 8:30etan eginiko manifestazioan bezalaxe, segidan Mikel Laboa plazan eginiko elkarretaratzean ere, etengabe entzun da Iruñeako eta Gasteizko parlamentuek ez dutela onartu, sikiera Lanbidearteko Gutxieneko Soldata 1.500 eurokoa izateko eskaera eztabaidatzea ere. Horren aurrean, etengabe mobilizaziootan egon den aldarri nagusia argia da, oinarrizkoa eta bozgorailutik sarri entzun dena; "gutxieneko soldata hemen erabaki, gutxieneko soldata 1.500 euro".

Gaurko greba eguna prestatu, herriratu eta gaurko mobilizazioak deitu dituen herritarren batzordetik jakinarazi dutenez, jarraipen zabala izaten ari da greba orokorra. Mobilizatzen segitzeko deia egin dute.

11:30etan Anoetatik abiatuko da, beste bi zutaberekin batera, Donostian egingo den Gipuzkoa mailako mobilizazioa. Arratsaldeko 19:00etan, bestalde, eskualde mailako manifestazioa abiatuko da Lasarte-Oriako Okendo plazatik.