#M17

Saltokietako pertsianak jaitsita, ostalariak eta merkatariak ere greban

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 17a

Pertsianak jaitsita dituzte herriko saltokiek greba orokorraren egun honetan. Herriko merkatariek eta ostalariek ere bat egin dute ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek deituta, 1.500 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioaren aldeko Hego Euskal Herri mailako grebarekin.

Ezohiko asteartea gaur Hego Euskal Herrian, tartean, Usurbilen. Eguneroko herri bizitza etenda dago. Ezohiko isiltasunarekin esnatu zaigu eguna eta berdintsu doa martxoaren hamazazpigarren hau. Isiltasuna hautsi duten bakarrak goizeko lehen orduan egin diren mobilizazioak izan dira, eta gerora, klase eguna ez zutenez, jolasean zebiltzan haurrak.

1.500 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa exijitzeko greba orokorra deitua dute gaurko ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek. Erabateko eragina izan du herriko saltokietan. Salbuespen gutxi batzuk kenduta, pertsianak jaitsita daude goizean goizetik, taberna, jatetxe eta komertzioetan. Izan ere, ostalariek eta merkatariek bat egin dute gaurko greba deialdiarekin.

Udaberri giro beteko eguna izan arren, terrazako eserleku eta mahaiak jasoak dituzte ostalariek. Askotariko dendak ere pertsianak jaitsita, ateak itxita, haien eguneroko jarduna etenda 24 orduz.

Haietako hainbat biltzen ditu Hurbilago elkarteak. Bilgune horrek azken orduotan jakinarazi duen moduan, "Hurbilagoko establezimendu batzuk bat egingo dute martxoaren 17ko greba orokorrarekin, eta, beraz, beraien saltokiak itxita egongo dira egun osoz". Horren harira, gaurko beharrezko erosketak aldez aurretik bideratzea galdegina zuten eta erosi beharrekoa, noski, "herriko denda txikietan" erostea.

Greba orokorrarekin bat egin eta itxita zeuden hainbat saltokietan ikusi ditugu deialdiarekin bat egin dutela jakinarazten zuten Hurbilagoren kartelak, establezimenduon erakusleiho edo ateetan esekita.

NOAUA! K.E.
Kultur elkarte honek ere bere eguneroko jarduna etenda dauka. Bordaberri kaleko egoitza itxita dago. Besteak beste, egunerokoan eskaintzen duen Zirimara egitasmoa ere bertan behera geratu da, langileek gaurko deialdiarekin bat egin ostean.

Kultur elkarteko eta hedabide honetako lantaldeak greba egun hau babestu du. Soilik, greba orokorrari buruzko informazioa eskaintzen ari gara atari honen nahiz sare sozialen bidez.

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de Gertuago (@gertuago)