Gaur ezin da libururik mailegatu. Hainbat herrikideek gaur etxe atarira hondakinen poltsa horia (plastikoa biltzen duena) atera badute ere, ez da bilketa zerbitzurik izango, larrialdi guneak baino ez dira erabili. Tramiteren bat egin nahi zuenak udaletxean ezin izan du, udal erregistroa itxita baitago. Itxita baita udal gizarte zerbitzuak, Sutegi bera, Potxoenea, Oiardo kiroldegia... Bertan behera geratu da, gaur egitekoa zuten asterteroko "Goazen Kalera" dinamika, bus-taxia...
Udal zerbitzuak etenda daude astearte honetan, martxoaren 17an, ELA, LAB, STEILAS, Hiru eta Etxalde sindikatuek 1.500 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioaren alde, soldata duinak hemen erabakitzea exijitzeko deitua duten greba orokorra dela eta.
Iragan astean egin zuten udal-langileek batzarra, greba egun honetan zer egin erabakitzeko. Bozketan, gehiengoak babestu zuen gaurko deialdia.
Erabaki horren ondorioz, Udaletik egunotan ohartarazi duten moduan, "udaletxea eta udal-zerbitzuak itxita izango dira" astearte honetan. Horrenbestez, "Eguneko Arreta zerbitzurik ez da eskainiko, ezta Bidez Bide garraio zerbitzua ere. Artzabal jatetxeak ere greba egingo duela iragarri du". Horrez gain, "Garbitaniako langileek ere bat egin dute greba deialdiarekin. Hori dela eta, asteartean ez da hondakinen bilketa zerbitzurik izango. San Markok jakinarazi duenez, garbigunea ere itxita izango da asteartean. Atez ateko bulegoak jakinarazi duenez, larrialdi guneak irekita izango dira, behar dutenentzat".
Udal-gobernuak ere bat egin du "Gutxieneko soldata hemen erabaki. LGS 1500€. Soldatak hobetu aberastasuna banatzeko" lelopean, ELA, LAB, STEILAS, Hiru eta Etxalde sindikatuek astearterako deitutako greba orokorrarekin eta hilaren 17rako antolatu diren mobilizazioekin ere gauza bera egiteko gonbita egin diete herritarrei.
#M17
— Usurbilgo Udala (@usurbiludala) March 13, 2026
Udal-langileek greba orokorraren deialdiarekin bat eginda, udal-zerbitzuak itxita egongo dira asteartean, martxoaren 17an. Udal-gobernuak ere bat egin du deialdiarekin.
Garbitaniak ere grebarekin bat eginda, ez da hondakin bilketarik izango.https://t.co/VlVBtkvPiC pic.twitter.com/L5Pz7tbrcI