#m17

Greba deialdi bikoitza osasun zerbitzuetan

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 17a

Bigarren greba astea deitua dute medikuek. Greba aste horretako bigarren egunean dira, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata hemen erabakitzearen aldeko greba ere egokitu den astearte honetan.

Osasun zerbitzuetan gutxitan gertatu dena, bizi dute astearte honetan; bi greba deialdi gurutzatu dira gaur, martxoaren 17an. "Estatutu propio baten alde" medikuen sindikatuak deitutako greba astearen baitan egokitu da, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata hemen erabakitzeko greba orokorra.

Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak finkatuak ditu gaurko sektore honetan. Lehen mailako arreta zerbitzuan, "txanda bakoitzean familia mediku, pediatra eta erizain bana egotea" bermatzeko gutxieneko zerbitzua finkatua zuen gaurko Jaurlaritzak, "ohiko zerbitzuan arloko bost langile edo gutxiago dauden kasuetan. Etengabeko Arreta Guneetan ere gutxieneko zerbitzu berdinak egongo dira".  

Ospitaleetan, "jaiegunetako ohiko langileekin arituko dira larrialdietan, sukaldean, janari-banaketan, garbiketan eta ospitaleratutako gaixoek behar duten arretan. Dialisi prozesuak eta tratamendu onkologiko lehenetsiak eta atzeraezinak ere mantenduko dira".

Usurbilen anbulatorioa zabalik izan da, baina aipatu moduan, bi greba egunen lekuko dugu gaur Osakidetza.

Greba astea
"Estatutu propio baten alde" aldarripean, ekainera arte deitutako bigarren greba astea deitua du Euskadiko Sendagileen Sindikatuak martxoaren 16tik 20ra. Egunotarako hainbat manifestazio deitu dituzte gainera Osakidetzaren lurralde osoan zehar; haietako hainbat, Donostian:
-Martxoak 17, asteartea: 07:30etan Donostia ospitaletik.
-Martxoak 18, asteazkena: 11:00etan elkarretaratzea Donostia ospitalean.
-Martxoak 20, ostirala: 07:30etan manifestazioa Donostia  ospitaletik.

Ekainera arte, hilero astebeteko greba deialdia antolatu dute. Bete ez den azkenaldiko greben aldarri bikoitzak eraman dituzte pauso hau ematera; Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioa negoziatzen ari den estatutu markoaren aurka protesta egiteko eta kolektibo horrentzako erregulazio espezifikoa eskatzeko.

Greba egunen egutegia
Martxoa: 16, 17, 18, 19, 20.
Apirila: 27, 28, 29, 30.
Maiatza: 18, 19, 20, 21, 22.
Ekaina: 15, 16, 17, 18, 19.

Hauek dira, Euskadiko Sendagileen Sindikatuak abenduan ezagutzera emandako aldarrikapen nagusiak:

  • A+: Sailkapenaren goreneko talderako sarbidea medikuentzat eta goi-mailako tituludunentzat gorde behar da, bakoitzaren eginkizunaren eta bere jardun-eremuan eskatzen den erantzukizunaren arabera.
  • Derrigorrezko Lanaldi Osagarria pixkanaka kentzea: Lanaldi arruntetik (35 ordu) kanpo lan egindako denbora orok BORONDATEZKOA eta sustatua izan behar du, ordainsari egokiarekin eta bidezko konpentsazio-atsedenekin. Horretarako, datozen 3 urteetan pixkanaka ezabatzea proposatzen dugu.
  • Guardiak: Lanaldi arruntaren eta apartekoaren batura ezin izango da 17 ordutik gorakoa izan, etenik gabe. Lokalizatutakoak lan egindako denboratzat hartu behar dira ondorio guztietarako (atsedenaldiak, konpentsazioak…).
  • Txandaka lan egiten duten medikuen nekagarritasuna, osasunerako arriskua eta uztartzeko zailtasuna (gauekoak, jaiegunak) aintzat hartzea.
  • Gure lanbidearen arriskua kontuan hartzea, Gizarte Segurantzako araubide berezi batean sartzeko.
  • Ordezkaritza: Negoziazio-eremu propioa Estatuko instantziatik autonomikora, gure berezitasuna dela eta, Medikuen eta Fakultatiboen Mahai Sektorial bat eratuz, berari dagozkion gaietan Negoziazio Mahai Orokorretik INDEPENDENTEA
  • LEPak: Oro har, merezimendu-lehiaketa bidez egingo dira.
  • Erretiroa: Aldez aurretik eskuratzeko aukera, erosahalmen galdu gabe, arrisku-jarduerak aitortuta eta aparteko lanaldiaren % 100 zenbatuta.
  • Aparteko ordainsariak: Hileko soldata ez ezik, hirurtekoak eta osagarri guztiak ere jaso behar dituzte.
  • Irakaskuntzako osagarria, BAMEak prestatzeaz arduratzen diren fakultatiboentzat.
  • Lanbide Garapena: Jarduera profesional osoa aintzatestea, BAME prestakuntzako urteak barne.
  • BAME guardiak: Egoiliarraren borondatezko akordiorik ezean, ezingo dira hilean 4 baino gehiago izan, eta horietako bat baino ezin da izan larunbata, igandea edo jaieguna. Ordu arruntaren ordainsariaren % 150 jasoko du gutxienez.
  • BAME ordezkaritza: Autonomia-erkidego bakoitzean BAME Enpresa Batzorde bat sortzea, lau urtean behin hauteskundeen bidez aukeratutako egoiliarrez osatua.