Zirrara handia, emozio itzela biziko dugu gaurtik, martxoaren 19tik hasita 24. Korrikarekin. Hilaren 29an Bilbon helmugaratu arte, 2.175 kilometro egingo ditu Euskal Herrian barrena, haietatik hamaika Usurbilgo lurretan. 3.436 lekuko-hartze inguru egingo dira ibilbide osoan zehar, haietatik 24 udalerri honetan.
Den-denak zuzenean ikusi ahal izango dituzue. Izan ere, 24. Korrika hasieratik amaierara minutuz minutu, segunduz segundu tarte txikiena ere ez galtzeko, euskal hedabideen arteko lankidetzari esker, Euskal Irrati Telebistaren zuzeneko seinalearen bidez bat egiteko aukera izango dugu euskararen aldeko lasterketa erraldoienarekin, noiznahi eta edonon garela ere.
Albiste honi atxikitako bideoaren bidez gaurtik hilaren 29ra arte, Euskal Herrian biran izango den euskararen aldeko herri olatu erraldoia uneoro ikusteko aukera izango duzue.
Baita Korrika aplikazioaren bidez ere. Ezin gomendagarriagoa izango zaizue. Izan ere, bertan beharrezko informazio osoa jasoko duzue; "albisteak, azken uneko berriak, ibilbidea, mapa, lekuko-hartzeen bilatzailea, zuzenekoa, bideo-kronikak, Korrikaren unean uneko kokapena... eta doan!", antolatzaileek nabarmendu duten moduan.
Ipar Euskal Herrian barrena
Hasteko, 24.Korrikaren lehen egun honi dagokionean, Ipar Euskal Herrian barrena ibiliko da euskararen aldeko lasterketa. 15:30etan Zuberoako Atharratzen hasiko da, hiriburura, Maulera 17:00ak aldera iritsiko da. Behe Nafarroako Donapaleu zeharkatu eta Lapurdiraino helduko da gauerdian. Ostiral goizaldean, berriz, Behe Nafarroan barrena ibili eta tartean, Donibane Garazi zeharkatu ostean, Nafarroan barneratuko da Korrika hilaren 20an.
Eskualdean bitan, hilaren 25ean Usurbilen
Tarte horretan, hilaren 25ean, 13:30ak pasatxoan hasita Usurbildik barrena egingo duen bira ere bide honetatik ikusteko aukera izango da. Zubietako hipodromotik sartuko da, Zubieta eta Santuenea zeharkatuko ditu. Atallu, Kalezar, herri erdigunea eta N634 errepidetik barrena Aginaga ere igaroko du Korrikak, Mapilen lekukoa oriotarren esku utzi arte.
Usurbildik gertu, Beterri Buruntza eskualdean bi egunetan izango dugu aipatu AEK-ren lasterketa. Martxoaren 24an, gauerdia pasata sartuko da Andoainera eta handik, Urnietara, Hernanira eta Astigarragara joko du. Biharamunean, aipatu moduan, Lasarte-Oriara iritsiko 13:00ak aurretik eta gero Usurbilen sartuko da.
24. Korrikaren ibilbidea
Zenbakitan: 2.175 kilometro, 3.436 lekuko-hartze inguru 460 herrietan.
Usurbilen
Martxoak 25, asteazkena: 13:37.
Eskualdean
Martxoak 24, asteartea:
00:13 Andoain.
00:56 Urnieta.
01:20 Hernani.
02:04 Astigarraga.
Martxoak 25, asteazkena:
12:54 Lasarte-Oria.
13:37 Usurbil.
Hiriburuetan
-Martxoak 19, osteguna: 17:00 Maule.
-Martxoak 20, ostirala: 03:03 Donibane Garazi.
-Martxoak 22, igandea: 11:48 Iruñea.
-Martxoak 24, asteartea: 21:44 Baiona.
-Martxoak 25, asteazkena: 07:43 Donostia.
-Martxoak 27, ostirala: 22:57 Gasteiz.
-Martxoak 29, igandea: 07:22-12:04 Bilbo.
Herrialdez herrialde
Martxoak 19, osteguna: Zuberoa-Nafarroa Beherea-Lapurdi.
Martxoak 20, ostirala: Nafarroa Beherea-Nafarroa.
Martxoak 21, larunbata: Nafarroa.
Martxoak 22, igandea: Nafarroa.
Martxoak 23, astelehena: Nafarroa, Araba, Gipuzkoa.
Martxoak 24, asteartea: Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi.
Martxoak 25, asteazkena: Lapurdi, Gipuzkoa (13:37an Usurbilen), Bizkaia.
Martxoak 26, osteguna: Bizkaia.
Martxoak 27, ostirala: Araba.
Martxoak 28, larunbata: Araba, Gipuzkoa, Bizkaia.
Martxoak 29, igandea: Bizkaia.
Informazio gehiagorako:
korrika.eus
Korrika aplikazioa
