24. Korrika

Abestiaz edota bideoklipaz gain, koreografia eta dokumentala ere izango ditu Korrikak

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 19a

Leloa, mezua, omendua, unitate didaktikoa, abestia edota bideoklipa baditu 24. Korrikak. Oraingo honetan, koreografia ere sortu diote "Xiberutikan Mendebaldera" kantari. Eta etorkizunean, dokumentala ere izango du euskararen aldeko lasterketak. Bertan agertu zaitezkete.

Azaroaren 13an hasi zen ezagutarazten AEK, ostegun honetan, martxoaren 19an Zuberoako Atharratzen abiatuko den 24. Korrikari buruzko lehen xehetasunak. Ordutik, lasterketa "Euskara Gara" aldarripean egingo dela jakin dugu, Errigora izango dela omendua edota "Xiberutikan Mendebaldera" izena izango duela Pello Reparazek Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorenarekin batera sortutako kantak.

Albiste honetan atxikitako kantaren bideoklipari koreografia sortu diote, hau ere albiste honetan duzue ikusgai. "Gorputza martxan jartzeko garaia da!", gogorarazi dute Korrikaren antolatzaileek. Ikastera gonbidatu gaituzte.

Iruditan agertzeko aukera
Gaurtik hasita, euskararen aldeko lasterketan egunotan biziko duguna iruditan jasotzeko asmoa agertu dute baita Korrikatik. Izan ere, "Jalgi Hadi" dokumentala grabatzen ari dira Mirokutana ekoiztetxea eta AEK-KORRIKA. Aurreko ikasturtean hasi ziren lantzen egitasmo hori, "helburua da 2027ko Zinemaldian aurkeztea".

Proiektuaren sustatzaileek "Korrikaren indarra eta emozioa zuzenean jasotzea dute helburu. Horretarako, lasterketa bera grabatuko dute eta herritarrei dokumentalaren protagonista izateko aukera eman nahi die". Xede horri begira, Mirokutana ekoiztetxeak bi ekimen jarri ditu martxan"; "Korrika makila" izenekoa eta bideo-testigantzen bilketa.


"Korrika Makila" ekimenari dagokionean, "Korrikako lekukoarekin batera, hainbat herritan kamera bat duen makila ere ibiliko da. Parte-hartzaileek eskuz esku pasatuko dute kamera, Korrikan bizi duten emozioa eta giroa grabatzeko".

Bideo-testigantzak ere bidaltzeko aukera izango da. "Horretarako kanal bat ireki dute, eta parte-hartzaileek bideo batean kontatu dezakete eurentzat euskara eta Korrika zer diren. Grabaketak Korrikan bertan, aurretik edo nahi den unean egin daitezke, eta ondoren bidali. Honen bidez, Mirokutana ekoiztetxeak Euskal Herri osoko testigantzekin mapa kolektibo bat osatu nahi ditu". Bideoak helbide honetara helarazi ahalko dira: https://jalgihadi.wetransfer.com/".